Durangaldeko EAJ "pozik"dago, Mankomunitateak Elkartegia erosiko duelako. Gogorarazi dutenez, eraikina erosteko asmoa aurreko legegintzaldikoa da, Mireia Elkoroiribe presidente zenekoa. Agintaldi hartan, 2022-2025 Inbertsio Plana onartu zuten, eta horren arabera, Elkartegia ez ezik, Berrizko belodromoa birgaitzea eta bertan BTT zentroa ipintzea, eta zabor-bilketarako kamioi berri bi erostea ere aurreikusi zuten. Oraintsu iragarri du, hain zuzen ere, Mankomunitateak Elkartegia erosiko duela.
Oskar Koka EAJko bozeramaileak adierazi duenez, talde jeltzalea "pozik" dago, "planean proposatutako inbertsio guztiak aurrera eramateko pausoak ematen ari direlako, EH Bildu oposizioan zegoenean horren aurka aurka agertu bazen ere". Era berean, horretarako urte bi igarotzea "pena" dela gaineratu du, "eragiketa oso aurreratua utzi baitzen aurreko legegintzaldian". Edozelan ere, "aurrerapauso nabarmena" dela esan du bozeramaileak.
"Nahitaezko lekualdaketa"
EAJk adierazi du Mankomunitatea Elkartegira lekualdatu zenean, "nahitaezko egoera bati erantzuteko" egin behar izan zuela, "Durangoko Udalak, orduan EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak gobernatzen zutenak, Mankomunitateari eskatu baitzion eraikinean zeuden tresnak kentzeko (Intxaurrondoko oktogonoa) 15 eguneko
epean, inolako abisurik eta negoziaziorik gabe, 20 urteko lankidetza instituzional baketsuaren eta adeitsuaren ondoren". Egoera hark Behargintzaren zerbitzuak "arriskuan" ipini zituela, eta arrazoi horregatik zerbitzu guztiak eraikin bakar batean batzeko erabakia "hartzera behartu" egin zutela gaineratu du EAJk.