Urkiola Hotela, Parke Naturalaren bihotzean

Anboto 2025ko uzt. 19a, 10:30

Urkiolako tontorrean dagoen eta Bizkaiko Gotzaitegiarena den etxea errentan hartu eta goitik behera eraldatu du Jasone Gezuragak. Hotela uztailaren 29an zabalduko duen arren, dagoeneko taberna eta jatetxea zabalik daude. 

Musika doinu atseginagaz eta parke naturalaren patxadagaz hartu gaitu Jasone Gezuragak Urkiolan, esku artean duen proiektu berrian. Jasone Gezuragaren egutegian uztailaren 29a egun seinalatua da. Egun horretan jaio zen Gezuraga eta bere proiektuek ere egun horretan ikusi dute argia. Orain 11 urte, uztailaren 29an, inauguratu zuen Garaiko Landetxea, eta 11 urte beranduago, uztailaren 29an, zabalduko ditu ateak Urkiola Hotelak. "11 zenbaki magikoa denez, 11 urte eta gero, uztailaren 29an, beste proiektu bati ekingo diogu. Jaiotza berriak egun berean ematen ditut, horrela datak ez ditugu ahaztuko", esan du Urkiola Hotelaren arduradunak.

Hotelak uztailaren 29an ateak zabalduko dituen arren, taberna eta jatetxea dagoeneko irekita daude. "Urkiolara bertaratzen diren guztiek lekua dute gurean. Goizeko 9:00etan zabaltzen dugu taberna, jateko gozoagaz eta edari freskoagaz. Barran pintxorik eta erraziorik ez da falta", azaldu du. Bestalde, oraingoz bazkariak ematen dituztela jakitera eman du, baina behin hotela zabaldutakoan, afaltzeko aukera ere egongo dela. "Arratsaldetik aurrera Urkiolan ez da mugimendu handirik egoten, beraz, oraingoz afaririk ez dugu ematen. Baina behin, hotela zabaltzen dugunean, gure bezeroei afaltzeko aukera eskaini gura diegu, beraz, bertaratzen direnek ere izango dute afaltzeko tartea", gaineratu du.

Jatekoa eta edatekoa eskaintzeaz gain, bezeroei parke naturalaren inguruko informazioa ere eskainiko diete. "Informazioa behar duenari lagunduko diogu Anbotora, Saibigainera zein Hiru Gurutzeetara joaten. Durangaldeko eta Araba inguruko naturguneak azaltzen saiatuko gara. Hori da eta ezagutzen duguna", gehitu du.  

Logela eta apartamentuak
Santutegiaren ondoan eta Anboto mendiaren magalean dagoen hotelak zortzi logela izateaz gain, hainbat apartamentu ere baditu. Hori horrela, lasaitasunean bakarrik zein bikoteagaz egun batzuk pasatzeko edo talde handian egoteko aproposa dela dio Gezuragak. "Talde handientzat leku aproposa da, horregaitik, ikastetxeekin hartu emanean gaude. Baita, mundu mailako txirrindulari taldeekin ere, beraien egonaldiak egiteko leku aproposa baita hau", bukatu du Gezuragak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!