Zelan etorri dira gazte bi hauek munduaren beste puntatik Euskal Herrira? Lachlan Mcnabb-ek du 'errua'. Zeelanda Berriko txirrindulari gaztea aitzindaria izan zen iaz; Europan egonaldi bat egin gura zuen, bere maila hobetzeko. Eskaera gutuna bidali zion hainbat talderi, eta gure eskualdekoak zabaldu zion atea. Esperientzia haregaz pozik geratu zen eta bere lagun eta taldekideei berdina egitea gomendatu zien. Horregaitik etorri dira.
Lasterketetan parte hartzen
Lloydek bost-sei lasterketatan parte hartu du martxo amaieran etorri zenetik, eta gehiago izango ziren erorikoengaitik izan ez balitz. Watkinsek bi-hiru probatan parte hartzeko denbora izan du, denbora gutxiago daraman arren. Oraintsu, 30 onenen artean geratu dira tartean Urkiola mendatea izan zuen gazte mailako lasterketan.
Euren maila hobetzeko eta hemengo erritmora ohitzeko baliagarria zaie egonaldia. Batzuetan, Durangaldeko Bizikleta Eskolako umeekin batera ere irten dira bizikletan ibiltzera. Hemen gustura dauden seinale.