Zeelanda Berrian kalitatezko txirrindulariak daude, baina kantitatea urria da. Tropelak 30 txirrindularikoak dira, gutxi gorabehera. Mendate askorik ere ez dago, lurralde laua da gehienbat. Hori dela eta, McNabb-ek bere ibilbidean jauzi bat eman eta Europan probatu gura zuen bere burua. Cafe Dromedario Flotamet taldean atea zabaldu diote. Denbora gutxian ederto erakutsi ditu bere eskalatzaile dohainak, bai entrenamenduetan —Urkiola 20 minutuan igota dauka— bai proba ofizialetan: etapa garaipen bat eta sailkapen orokorreko hirugarren postua, Valles Cantabros Itzulian. Durangaldeko Bizikleta Eskolan monitore lanetan ere badabil.
Zerk ekarri zaitu Euskal Herrira?
Gure tropelak txikiak dira, 30 bat ziklistakoak. Hemen 150ekoetan nabil. Maila handiagoa ere badago hemen. Argi nuen Europara etorri behar nuena nire ibilbidean jauzi bat emateko. Han egin nezakeen dena eginda neukan: bigarren errepideko txapelketan, hirugarren criterium-ean, laugarren mendi bizikletan… Erabaki garrantzitsua da, badakit, baina ez naiz bakarra. Bost onenen artean dabiltzan herrikideak kanpora joaten dira: Frantziara, Alemaniara, Belgikara, Euskal Herrira… Bide horri ekin diot neuk ere.
Gurasoek zelan hartu dute zure erabakia?
Oso pozik daude. Aita hemen izan da, nire lehenengo egunetan laguntzen, eta Donostia inguruan bizikletan ibili da bere kontura. Asko babestu naute.
Zelan etorri zara Cafe Dromedario Flotamet taldera?
Ehun bat talderi posta elektronikoa bidali nien, baten batek erantzungo zidan itxaropenez. Zorionez, eskaintza bi izan nituen. Bestea Herbehereetako talde batena zen, baina herrialde laua da eta hona etortzea erabaki nuen.
Hemen ez duzu mendate faltarik!
Zoramena da! Etxeko atetik irten eta bost mendateren artean aukeratu dezaket. Zeelanda Berrian 40 kilometro egin behar ditut mendate txiki bat igotzeko. Etaparik gehienak esprintean amaitzen dira. Nire dohainetara hobeto egokitzen da hau.
Valles Cántabros Itzulian izan duzu estreinaldia. Lorturiko emaitza onak sorpresa izan dira?
Ezusteko handia izan dira. Normalean, Zeelanda Berritik Europara datozenek denbora behar izaten dute tropel handietara egokitzeko. Nik banekien sasoi onean nengoena, baina ez nekien tropelean ibiltzeko trebetasunik banuen. Handira jokatu, neure onena eman eta ondo irten zitzaidan.
Tropel handian ibiltzea zen zure arduretariko bat?
Nire ardurarik handiena zen. Beldurra ematen zidan eta erronka bat zen. Baina eginez ikasten da. Ikasi dut konfiantzagaz aritu behar dela eta aurrealdean egotea komeni dela, beldurtu eta konturatu barik atzerantz egin beharrean.
Erritmoan aldea igarri duzu?
Ez askorik. Han eta hemen antzerako erritmoan gabiltza. Kontua da hemen gatxagoa dela tropelean aurrera egitea, askoz handiagoa delako.
Inguruotako zeintzuk mendate igo dituzu orain arte?
Urkiola, Gorla, Arrate eta gutxi batzuk gehiago. Oiz igotzeko irrikan nago. Esango nuke hemen nire dohainetarako mendate aproposak daudela, gogorrak eta ez hain luzeak.
Zelako giroa duzu taldekideekin?
Oso ona. Batzuek oso ondo berba egiten dute ingelesez. Eta ingurua ere asko gustatzen zait, paisaia berde eta lasaiak, hiriko burrundaratik urrun.
Gustatuko litzaizuke hemen geratzea?
Berez, hiru hilabeterako etorri naiz. Datorren urtean aukeraren bat izateko adina emaitza on lortzea dut helburu. Baina etorri berria naiz eta ikasten jarraitu behar dut oraindino. Lortu ditudan emaitzak sorpresa izan dira. Horrela jarraitzea espero dut.