Lanean, trafiko istripuak ahalik eta gehien murrizteko

Anboto 2025ko api. 4a, 09:30

Errepideetako istripu kopuruak behera egin du azken hogei urteetan, eta datuek egonkortze joera erakusten dute, baita Durangaldean ere. Hala ere, adituek arretarik ez galtzera deitu dute. Oraindino gehiago jaitsiarazi gura dute istripu kopurua .

Azken 25 urteetako datuei erreparatzea besterik ez dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetako istripuen kopurua aldatzen dabilela ondorioztatzeko. Istripuek 2001. eta 2004. urteen artean jo zuten sabaia, eta, harrezkero, beheranzko joera izan dute, harik eta azken urteotan errepideetako biktima kopurua egonkortu den arte. 2003an, adibidez, 175 lagun hil ziren Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan; 5.935 lagunek zauri arinak izan zituzten, eta 810 lagunek zauri larriak. Hogei urte geroago, 2023an, datuak asko aldatu ziren: 38 hildako izan ziren, 3.301 lagunek zauri arinak izan zitutzten, eta 320 lagunek zauri larriak. Ñabardura gutxi batzuk gorabehera, egoera hori egonkorra izan da azken hamar urteetan, baita Durangaldean ere. Azken hamar urteotako biktimadun istripu kopurua 30etik 40ra arteko tartean mantendu da eskualdean. Gaian adituak diren erakundeek ere datuen bilakaera positiboa azpimarratzen dute, baina hori bai, lasaitasunerako deia barik, adi egoten eta arretaz gidatzen jarraitzeko deia egin dute. Istripuen kopurua zero izatea dute helburu.

Eta zerk eragin ote du beherakada eta egonkortasun hori? Erantzunetariko bat puntukako gidabaimenean egon daiteke. Epainiako gobernuak 2006an sartu zuen indarrean puntukako gidabaimena, trafiko istripuek sabaia jo eta gutxira, eta ordutik hona Durangaldean ere agerikoak dira puntukako gidabaimenak ekarritako aldaketak. 2014an, poliziak 158 puntu kendu zizkien eskualdeko errepideetako gidariei alkoholaren gehienezko muga igarota gidatzeagaitik. 2022an kopuru horrek behera egin zuen, 84 puntu kendu zituzten arrazoi beragaitik. Edozelan ere, badirudi oraindino ere alkoholaren eraginpean gidatzea dela puntuak kentzeko arrazoi nagusia Durangaldeko errepideetan. 2022ko datuek horixe diote.

Bide segurtasunagaz arduratuta dauden elkarteek, Stop Bide Indarkeriak, adibidez, lanean jarraitzeko eta herritarrak gidaritza arduratsuan hezteko programak garatzen dituzte. Orain dela gutxi, hainbat saio egin dute adinekoekin, adin batetik aurrera gidatzeak ekarri ditzakeen arriskuez ohartarazteko. Bestalde, Ikusi eta Ikasi argazki lehiaketa ipini dute martxan, irudi arduratsuen bitartez kontzientzia zabaltzen jarraitzeko.

Honako erreportaje hau Saretzen egitasmoaren ale berria da, Tokikom barruko hedabideek eta EITBk elkarlanean ondutako egoeraren erakusleiho. ANBOTOk trafiko istripuen gaia landu du Saretzen egitasmoaren barruan. 

HIRU GRAFIKO, HIRU ERTZ 

[BILAKAERA]. Irudi honek 2000. eta 2023. urteetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetan izandako biktimadun istripu kopurua agertzen du. Hildakoak, zauritu arinak eta zauritu larriak ageri dira bertan. Beherakadaren ondoren, istripuek egonkortasuna adierazten dute.

[DURANGALDEKO EGOERA]. Grafiko honetan, 2014tik 2023ra Durangaldeko errepideetan izandako biktimadun istripu kopurua azaltzen da. Biktima kopurua igo egin zen 2016an, eta egonkor mantendu da harrezkero, 30-40 biktimako tartean.

[PUNTUKAKO GIDABAIMENA]. Espainiako gobernuak 2006an sartu zuen indarrean puntukako gidabaimena. Azken hamar urteetan behera egin du Durangaldeko errepideetako gidariei erretiratutako puntu kopuruak. Baina joera batzuek bere horretan segitzen dute, alkoholpean gidatzeak, kasu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!