Zornotza Saskibaloi Taldea eta Tabirako Baque sailkapenean zortzina garaipenagaz berdinduta zeuden orain hilabete. Harrezkero, lehenengoek lau porrot kateatu dituzte eta durangarrek hiru partidu irabazi dituzte. Beraz, Tabirako Baque joko bolada hobean helduko da domekan 13:00etan Zornotzako Ixerbekoa kiroldegian jokatuko duten derbira.
Zornotzak bolada txarrari amaiera emateko behar du garaipena, eta, bidez batez, errebantxa hartzeko. Izan ere, lehenengo itzuliko derbian Tabirako Baque nagusitu zen, partidu estu batean: 55-49.
Talde biak defentsa gotorrekoak dira eta ez dirudi puntu askoko derbia izango denik. Tabirako punturik gutxien jaso duen hirugarren taldea da, eta Zornotza seigarrena.
Liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan, talde biak sailkapenaren erdian daude, eta, posturen bat gorabehera, hortxe amaituko dute denboraldia. Zoritxarrez, urrun dituzte lehenengo postuak, baina baita jaitsierakoak ere, zorionez.