Zer ikusiko da erakusketan?
Dolu perinatala bizi izan duten zenbait familiak idatzitako gutunak daude, adibidez, euren lekukotzekin. Argazkiak ere badaude; momentu horretan zer pasatu zen edo zelan pasatu zen erakusten duten argazkiak dira, eta familiako zenbait kidek dolua zelan bizi duten erakusten dutenak.
Lehenengoz muntatu duzu erakusketa hau?
Ez, orain bi edo hiru urte egin genuen lehenengoa, Getxon (Garaizar hangoa da). Estudioan bertan ateratzen ditu argazkiak, edota familien beharrizanetara egokitzen da.
Mahai-ingurua ere egingo duzue.
Orokorrean, dolu perinatalari buruz arituko gara. Elkartetik ni joango naiz, eta nik bizi izan dudana ere kontatuko dut. Familia bat edo bi ere bertan egotea aurreikusten dugu; euren testigantza emango dute. Amagandiko edoskitze aholkulari bat ere egongo da, eta emagin bat ere bai. Gure esperientziei buruz berba egingo dugu denok, eta, horretaz gainera, elkartearen aurkezpena egingo dut nik, zeintzuk tresna ditugun elkartean, zer laguntza eskaini dezakegun, zer lan egin dugun orain artean, eta, batez ere, laguntasuna behar duenari zertan lagundu diezaiokegun.
Zer ikusiko da erakusketan?
Euskal Herrian ez zegoen horrelako beste elkarterik elkartzen hasi ginenean. Gurasoak Bizkaian elkartzen hasi ginen. Guraso diot, baina, egia esan, gehienak amak ginen; Getxo eta Bilbo ingurukoak eta ni. Pentsatu genuen beharrezkoa zela gaia Euskal Herri osora zabaltzea. Nik dakidala ez dago elkarte asko; badakit bat Bartzelonan dagoela, eta Madrilen beste bat dagoela uste dut.
Azken urteetan gehiago berba egiten da dolu perinatalari buruz, baina oraindino tabua da?
Bai, guztiz. Jendeak ez du horretaz berba egiten. Nik lasai kontatzen dut, baina jendeagaz berba egiterakoan konturatu naiz hurbilean ere antzeko kasuak izan ditudala; baina, beharbada, ez dira berba egiten diren gaiak. Jende nagusiagaz ere gertatu zait inoiz, gaia atera eta eurak esatea: 'Hara, niri ere gertatu zitzaidan'.
Igarri duzu elkartearen jardunari eskerrak kalean gehiago berba egiten dela gaiari buruz?
Baietz esango nuke, eta gehiago lantzen dela gaia. Tresnak badaudela ikusita, geroago eta jende gehiagok eskatzen du laguntza. Lehen, protokolorik ere ez zegoen. Azkenengoz gertatu zitzaidanean, adibidez, ospitalean ez zidaten ezer esan. Orain, Jaurlaritzagaz eta Osakidetzagaz lanean ibili eta gero, protokolo bat dago; zenbait emagin eta mediku aholkatu ditugu. Horrelako kasu bat gertatzen denean, elkartearen triptiko bat banatzen da, eta hor laguntzarako telefonoak ere badaude, adibidez; amabitxi papera ere egiten dugu. Batzuek ez dute laguntza psikologikorik behar; norbaitegaz berba egitea baino ez dute gura, horri deitzen diogu amabitxi funtzioa. Kontua asko aldatu da eta jendeak geroago eta berba gehiago egiten du honetaz. Orain, Nafarroako Gobernuagaz berba egiten gabiltza. Apurka-apurka gauzatxoak lortzen gabiltza. Dolu perinatalaren eguna urriaren 15a da, eta egun horretan, adibidez, zenbait udaletxetan kolore arrosa-urdinak (dolu perinatalaren koloreak) isiotzen dituzte. Iaz, adibidez, San Mames zelaiaren kanpoko argiak kolore horietakoak izatea lortu genuen. Baita Durangoko kioskoan ere, elkartasuna adierazteko.