"Europako txapelketara helduta, bete dugu geure helburua, baina ez dugu ezer baztertzen"

Joseba Derteano 2025ko ots. 1a, 11:50

40 urteko ibilbidean estreinakoz, Bidezabal atletismo klubak nazioarteko txapelketa batean parte hartuko du domeka honetan. Portugalgo Vilamoura eta Albufeira herrietan lehiatuko den kluben arteko Europa Kros Txapelketan izango da. 20 urtez azpiko taldearen lorpena izan da. Sevillan, Espainiako txapelketan txapeldunorde geratuta lortu zuten sailkatzea. Lau kroslarik osatuko dute Bidezabalen taldea. Euretariko bat eskualdekoa da: Ixone Sanchez, 16 urteko abadiñarra. Gainerako hirurak Laia Cariñanos, Axpe Aja eta Andrea Buenavida dira. 

Espainiako txapelketan Europakora sailkatzea sorpresa izan zen?
Juan Ignaciok [Hernandez, Bidezabaleko arduraduna] kalkuluak eginak zituen. Esana zigun bigarren geratzeko aukera genuela eta lehenengo postutik gertu ibili ahal ginela. Sinestuta joan ginen, dena emateko prest. Azkenean txapeldunorde eta lehenengo postutik gertu geratu ginen. 

Noiz konturatu zineten sailkapena lortu zenutela?
Helmugako pantailan emaitzak ipintzen zituzten eta han ikusi genuen Bidezabal bigarren tokian zegoela. Bagenekien postu horregaz Europako txapelketara sailkatzen ginela. Hantxe bertan ospatu genuen lorpena, elkarregaz. Oso une polita izan zen.

Hitzordua ate joka dator. Urduri zaude?
Apur bat bai, baina Espainiako txapelketatik hona lorpena asimilatzeko denbora izan dugu eta lasaiago gaude, baina beti zaude apur bat urduri.

Zelan joan da prestaketa? 
Ondo. Sasoiko nago eta daukadan dena emateko prest nago.  

Zelan ikusten dituzu taldekideak?
Laiak eta Andreak kalitate handia dute. Ez dira nigaz entrenatzen, baina badakit sasoian daudela. Axpe Aja eta biok elkarregaz entrenatzen gara eta biok antzerako maila dugu. Bion arteko piketxoak gure onena ematen lagunduko digula uste dut. 

Esperientzia bizitzea da helburua, ala posturen baten bila zoazte?
Europako txapelketara helduta, bete dugu geure helburua. Baina ez dugu ezer baztertzen; podiumera igotzea beharbada…  

Podiumera igotzea, alajaina! Niri beste helburu bat helarazi didate: Playas de Castellón taldearen aurretik geratzea.
Hori lortzea ere ondo legoke! Estatuan eurak eta gu baino ez gara sailkatu. Talde indartsua dute. Espainiako txapelketa eurek irabazi zuten, baina gu gertu geratu ginen. Euren aurretik geratzea ez dut ezinezko ikusten. 

Hainbat txapelketa irabazi duzu Bidezabalegaz: Euskadikoa haur kategorian, eta Bizkaiko hainbat. Zein da arrakastaren sekretua?
Nire kasuan, egiten dudana gustatu egiten zait. Entrenamenduetan dena ematen dut. Konstantzia da beste gako bat, apurka-apurka helburu zehatzak lortzeko egiten den eguneroko lana.

Gurasoak, bai ama eta bai aita, atletak izandakoak dira. Ematen dizute gomendiorik?
Bai, biek laguntzen didate. Azken batean, nik baino esperientzia handiagoa dute eta euren gomendioak baliotsuak dira niretzat. 

Pistan ere lehiatzen zara. Zer duzu gurago: krosa ala pista?
Krosa asko gustatzen zait, baina pistan aukera zabalagoa dago, proba gehiago dago. Horregaitik, pista dibertigarriagoa da. Krosak pistarako hauspoa handitzen laguntzen dit; hau da, lasterketetan erritmo biziagoei eusten laguntzen dit.

Pistan 400 eta 800 metroko probetan aritzen zara. 800ekoan Bizkaiko txapeldunorde geratu berri zara. Zelan gogoratzen duzu lasterketa?
Oso azkar irten ginen. Gurago nuen apur bat lasaiago irten bagina, baina, tira, aurrekoen erritmoari eustea lortu nuen. Azkenean txapeldunorde geratu nintzen eta pozik nago egindako lanagaz. 

lnoiz jauzi hirukoitza ere praktikatu duzu, eta, behin, proba horretan lehenengo geratu zinen kluben arteko Euskadiko txapelketan. Baztertuta duzun proba da?
Orain, bai. Jauzi hirukoitza gustatzen zait, baina prestakuntza espezifiko handia eskatzen du eta asko kostatuko litzaidake bueltatzea. 

Beste probaren bat egin gura zenuke?
Proba konbinatuak egitea gustatuko litzaidake. Denerik probatzea gustatzen zait. Altuera jauzia ere probatu dut, dibertitzeagaitik. Horregaitik, inoiz probatu gura dudan modalitatea dira proba konbinatuak.

Europako Kros Txapelketa alde batera utzita, zeintzuk helburu dituzu denboraldi honetan?
Martxo hasieran, 18 urtez azpiko Espainiako txapelketa izango da. Nire helburu nagusia txapelketa horretan aritzeko gutxieneko marka lortzea da: 400eko zein 800eko probetan, edo bietan. 800eko proban aukera gehiago dudala uste dut. Kroserako entrenatzen nabilenez, 400 metroko probarako behar den abiadura-punta falta zait denboraldiko une honetan. 

Distantzia bietan zertan hobetzea falta zaizu?
400 metrokoan, aipatu dudana, abiadura-punta hori lortzea. Batez ere hasieretan, txispa hori falta zait oraindino. 800 metrokoan, hobekuntza buruan dagoela uste dut, hanketan baino gehiago. Hanketan hobetzeko gaitasuna badudala uste dut. Arlo psikologikoa da landu beharrekoa, ahal dudala sinestea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!