Natura, ondarea eta euskara uztartuz, ibilbide berri bi Mañarian eta Atxondon

Anboto 2025ko urt. 23a, 08:53

Mañariko Arrueta auzoa. WIKIPEDIA

Berbalagunek bere hurrengo ekimenak iragarri ditu.

Mañariko irteera Berbalagunen eta Gerediaga Elkartearen artean antolatu dute.  Azkeneko Ondarearen Europako Jardunaldietan egindako ibilbidea oinarri moduan hartuta, irteera berri bat prestatu dute euskara, natura eta ondarea uztartuz. Ibilbidea urtarrilaren 31n izango da eta ordu bi inguruko iraupena izango du: 16:00etatik 18:00etara. Jon Arroita izango da gidaria.

Mañariko plazatik abiatuta Arrueta auzoan murgilduko dira, eta Zallobentako eta Askondoko harrobiak ezagutuko dituzte. Bere sasoian, Mañariko harrobiak ezagunak izan ziren kalitate handiko marmola zutelako. Horregaz batera, San Lorentzo argi etxera eta Kaltzada baserrira joango dira, bentak eduki duen garrantzia azaltzeko. 

Atxondon, ibilbide zirkularra

Atxondon 15,5 kilometroko ibilbide zirkular bat antolatu du Berbalagunek otsailaren 9an. Arrazolako Tope tabernaren ondoko aparkalekutik irtengo dira, 09:00etan. Topetik Betsaidera igoko dira, handik Larrabilgo Laua gurutzatuko dute eta Andastotik itzuliko dira Arrazolara. Bost bat orduko ibilbidea dela zehaztu dute, 650 metroko desnibelarekin.

Mañariko nahiz Atxondoko irteeretan parte hartzeko aurretik izena ematea beharrezkoa dela argitu dute antolatzaileek. Izen-ematea 639 400 786 telefonoko WhatsAppean egin daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!