Urkiolako bidea Bizkaiko ate bat izan da betidanik, eta Mañaria bide horretan eraiki eta garatu zen. Bilakaera horretan, bideagaz ezinbesteko lotura duten hainbat toki eta eraikin ezagutuko dituzte ibilbide gidatuan. Horrela, Arrueta auzoan murgilduko dira, eta Zallobentako eta Askondoko harrobiak ezagutuko dituzte. Bere sasoian, Mañariko harrobiak ezagunak izan ziren kalitate handiko marmola zutelako. Madrilgo Errege Jauregira ere eraman zuten marmol ospetsu hori, XVIII. mendean zehar. Horregaz batera, San Lorentzo argi etxera eta Kaltzada baserrira joango dira, bentak eduki duen garrantzia azaltzeko. Izan ere, Kaltzada baserria benta izan zen XVII-XVIII. mendeetan.
Hontza Museora bisita
Ondare jardunaldien barruan, natur-zientzien Hontza Museoa hobeto ezagutzeko bisita bat ere antolatu dute urriaren 18rako. Museoko animalia espezieen bilduma aberatsa ezagutuko dute.