Lehenengo itzulia amaitzear dagoenean, talde biak puntu beharrean daude, baina helburu desberdinekin. Abadiño goialdean dabil urte osoan, baina emaitza bolada eskas batek —hiru porrot azken bost partiduetan— igoera postutik atera du eta bertara bueltatzeko behar ditu hiru puntuak. Une honetan, puntu batera du igoera postua. Elorrio, ostera, jaitsiera postuan dago eta bost puntura du Sestao River B, jaitsieratik kanpora dagoen lehenengo taldea. Beraz, derbiko puntuak ezinbestekoak ditu borrokan jarraitzeko.
Gainerako taldeak
Eskualdeko taldeen artean, Amorebieta B da ondoen dabilena. Iaz Goren Mailara igo ziren eta aurten ere igoera postuan daude, bigarren tokian. Hamasei jardunalditan partidu bakarra galdu dute. Iurretako eta Zaldua taldea, ostera, sailkapenaren erditik behera daude eta asteburuan Sestao River B-ren eta Gernika Sportingen zelaiak bisitatuko dituzte hurrenez hurren. Helburu bera dute biek: jaitsierako mamuak uxatzea.