Ayarzatarren familia negozioak 75 urte egin ditu gozorik finenak eta landuenak eskaintzen. Gorka, Mikel eta Jon anaiek negozioko hirugarren belaunaldia osatzen dute. Gabon sasoia lanean emango dute, herritarren ospakizunetan gozorik falta ez dadin. Mikelek erantzun die ANBOTOren galderei.
Gabonen atarian, lana handitu zaizuela igarri duzue?
Urteko sasoi hau lan handikoa izaten da beti. Gabonak baino hilabete lehenago hasten gara prestaketekin; turroiekin, adibidez. Almendrak banaka-banaka zuritzen ditugu, eskuz; sikatu egiten ditugu gero. Artisautzako produktuek denbora eta mimoa eskatzen dute eta halantxik egiten dugu dena. Egunak luzeak izaten dira.
Zelako Gabonak izango dira?
Iruditzen zait onak izango direla. Lanean gabiltzala, telefonoa jo eta jo dabil. Jendeak etengabe deitzen du enkarguak egiteko. Bizi-bizi gabiltza.
Lan txandak handitu behar izan dituzue?
02:30 aldera hasten gara lanean, eta goiza eguneroko-eguneroko produktuak landuta hasten dugu. Behin horiek eginda, turroiekin eta Gabonetako produktuekin hasten gara.
Bezeroek zer produkturen bila jotzen dute zuenera?
Denerik dago. Pastak, bonboiak eta opilgintza, palmerak, gurinezko opilak eta halakoak asko saltzen dira. Gero, Gabonei dagokienez, izugarria da errege-opilen eskaera. Urtetik urtera geroago eta gehiago eskatzen da.
Kontsumo ohiturarik igarri duzue bezeroengan?
Gizartea etengabe dabil aldatzen, baina gure estiloa, gure filosofia, hasierako bera da. 75 urte egin ditugu lanean eta gure aurrekoek egiten zuten era berean lan egiten dugu. Ez dugu hozkailurik edo halakorik erabiltzen. Egunerokoa saltzen dugu, kalitate handiko osagaiekin egindako produktua.
Gozogintzari dagokionez, zeintzuk dira zuen erreferenteak?
Gure aita. Aita gozogilea genuen eta hura izan da gure erreferentea. Osaba ere bai, baina aita etxe-etxekoa izan dugu, eta beti lanean ikusi dugunez, bera da erreferentea. Lana zen bere bizitza.