Ezagunak genituen Mintzodromoak, euskarazko berriketaldiak sustatzeko topaketak. Eta orain, egitasmo horri buelta berri bat emanda, hitanoa sustatzeko saioa egingo dute: Hikadromoa. Hitanoz aritzeko saio kolektiboak bere lehenengo edizioa izango du abenduaren 7an, Durangoko Azokaren aterkipean. Landako Eskolan egingo dute, 16:00etatik 18:00etara. Parte hartzaileak launakako taldetan batuko dira, mahai baten bueltan ordu laurden batez gai bati buruz hika egiteko. Denbora tarte hori igarota, lau kideetariko hiru kokalekuz aldatuko dira, gai berri bat berbagai hartzeko. Ariketa kolektiboan parte hartu gura dutenek inprimaki bat bete dezakete dagoeneko. Beste aukera 943 121 775 eta 652 750 947 telefonoetara deitzea da.
Egitasmoaren atzean ZirHika taldea dago, Euskal Herriko luze-zabalean hitanoa sustatzeko asmoz dabiltzanen mugimendua. Oiartzungo, Arratia aldeko, Markina-Xemeingo, Lekunberriko, Goizuetako, Azpeitiko eta Leitzako herritarrak dira topakeluan parte hartzen dabiltzan kideetariko batzuk. Eskualdeari dagokionez, Zornotzako eta Iurretako herritarrak ere badaude: Oromiñoko Justo Alberdi eta Kristina Mardaras, adibidez. "Hitanoa galtzen zebilek. Ez zagok transmisiorik. Leku batzuetan, bai, egin duk transmisio naturala, baina beste leku batzuetan ikastaroek bermatu ditek segida hori. Gainera, hitanoaren barruan gehien galdu den trataera emakumearena duk, noka egitearena", azaldu du Mardarasek. Justo Alberdiren iritziz, bertsolaritzak gazteekin lortu duen konexioa erabili daiteke hitanoa sustatzeko ispilu lez: "Gazteriak nobedade edo erronka lez ikusi behar dik hitanoa; adibidez, ligatzeko tresna lez. Auzia erronka lez ulertu behar delakoan nagok. Izan ere, hitanoa bazagok, euskara zagok". Hikadromoko esperientzia baliagarria izango zaie ZirHika taldeko kideei, aurrera begirako pausoak pentsatu eta emateko. Alde horretatik, Mardarasek eta Alberdik Hikadromoan parte hartzera deitu dituzte herritarrak: "Hikaratu hadi, ikaratu barik".
Hikadromoaz gainera, hitanoari buruzko beste hainbat jardunaldi egongo da Azokan. Abenduaren 6an, 19:20an, trataera horretan trebatzeko tresna digitalak aurkeztuko dituzte Kabi@n: sakelakoetarako Appa Hi! aplikazioa eta hika.ahotsak.eus ataria. Behin saio hori amaituta, Leitzako hitanoa berpizteko esperientziaren berri emango dute hango kideek. Abenduaren 7an, Deustuko Unibertsitateak eta Euskal Gaien Institutuak Hik eta biok mahai-ingurua egingo dute Talaian, Arte eta Historia Museoan, 11:30ean.