"Azoka eta Gerediaga Jonen bizitza ziren"

Aritz Maldonado 2024ko aza. 29a, 09:30

Jon Irazabal Agirre. GEREDIAGA ELKARTEA

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Azokak Jon Irazabal gogoan izango dute irekiera ekitaldian; historialari iurretarra Gerediaga elkarteko kudeatzailea izan zen hamarkada luzetan, eta Durangoko Azokako zuzendaria ere izan zen 30 urtez.

Hastear den Durangoko Azoka "gazigozoa" izango dela onartu du Itziar Irazabal Jon zenaren arrebak ateak zabaldu baino egun batzuk lehenago. Hain zuzen ere, abenduaren 5ean, Azoka Jon barik bisitatuko duen lehenengo aldia izango du Irazabalek, eta gogorra egingo zaiola aitortu du: "Jon abuztuan hil zen, lagun asko oporretan zeudela. Jende askok idatzi zidan, baina badago jende asko oraindino aurrez aurre egon ez naizena, Azokan ikusiko dudana lehenengoz, eta badakit gogorra izango dela, bai niretzat eta baita Iñaki nebarentzat ere". Hala ere, pozik egoteko arrazoiak ere izango dituela uste du. "Pozik ezin naiz egon, bera ez delako egongo, baina ikusita beragaz gogoratzen zaretela komunikabideetan, Azokan bertan eta abar, harrotasun moduko bat sentitzen dut. Badago jende bat urtean behin baino ez dudana ikusten, Azokan; Joni buruz galdetuko didate eta horrek barruak irauliko dizkit. Urte askoan, Azoka topagunea izan da guretzat, eta negar asko egingo dugun arren horrela izaten jarraituko du", azaldu du Itziar Irazabalek.  

Jon Irazabal historialari iurretarra abuztuan hil zen. Eskualdeko historiaren ikerketan eta zabalkundean erreferentzia nagusietariko bat zen, eta bere ekiteari eskerrak Durangaldeak asko daki bere historiaz. Gazte-gaztetan hasi zuen Gerediagagaz zuen hartu-emana, 17 urte zituela. 1982tik 2018ra arte elkarteko kudeatzailea izan zen, eta historia teknikari lanetan jardun zuen gero. Besteak beste, Durangoko Azokako zuzendari lanetan aritu zen 30 urtez. Lana uzteko sasoia ailegatu zitzaionean ere ez zen geldirik geratu. "Jubilatu bai, baina erretiratu ez", erantzunez gogoratu du Itziar Irazabalek.

Hiru hamarkadaz
30 urtek askorako ematen dute bizitza batean. Hain zuzen ere, Jon Irazabalenean ere horrela izan da. "Oso desberdinak dira gaur egun ezagutzen dugun Durangoko Azoka eta Jonek hartu zuena. Orain, Azoka osasuntsu bat ikusten dugu, komunikabideetan saio bereziak egiten dituzte, gehigarri bereziak egiten dituzte, baina Jonek Azokaren urte ilunagoak ere bizi izan ditu", gogoratu du Itziar Irazabalek. Eta, atzera begiratuta, jasotzen zuen aitortza falta azpimarratu du: "Ez zuen jasotzen aitortzarik, ez erakundeen aldetik ez gizartearen aldetik; aurkezteko garaia ailegatzen zenean, ez zuen jakiten komunikabiderik agertuko ote zen, eta politikariak eta agintariak ere ez ziren etortzen. Jonek borroka handia egin zuen Azoka komunikabideetan agertzeko". Urte hauetan guztietan, Jon Irazabalek eskuzabal lan egin du Gerediagarentzat eta Durangoko Azokarentzat. "Gerediagak bulegorik ere ez zuen garai batean, pentsa, gure amak hartzen zuen telefonoa izena eman behar zenean standa ipintzeko. Telefonoaren ondoan zeukan koaderno batean idazten zituen datuak. Orain Azokak arrakasta handia du, baina Joni Azoka nondik zetorren eta zelan hasi zen gogoratzea gustatzen zitzaion", gaineratu du Itziar Irazabalek. 

Pertsona sortzailea
"Eskuzabala eta sortzailea". Hala gogoratzen du Itziar Irazabalek bere neba. "Beldur apur bat ere ematen zidan 'Ideia bat dut' esaten zidan bakoitzean", dio barre artean. Egitekoen artean, baina, Valladolideko Urueña herria ezagutu ez izanaren penagaz joango zela azaldu du. "Herri txikia da, Erdi Arokoa, harresi bat duena, baina, batez ere, Liburuen Herria izateagaitik da ezaguna. Garairen moduko herri bat da eta hamar bat liburu denda izango ditu", gaineratu du. Itziarrek berak ezagutzen du. "Jonek beti gura izan zuen Durango Liburuaren Hiria izatea, eta industria kulturala bertara mugitzea: argitaletxeak, diskoetxeak, inpretak... bere ametsetariko bat zen hori", azpimarratu du. Hala ere, Azokak egindako garapenagaz harro zegoela nabarmendu du. "Azoka zaindu eta mantentzea da egin ahal zaion omenaldirik onena, horrek euskara, Euskal Herria eta euskal kultura bizirik daudela esan gura du-eta, etorkizuna izango duela, eta horretaz harro egongo zen", azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!