Tokikom Sarien zortzigarren edizioak tokiko hedabideetako dozenaka lankide batu zituen atzo Artikako Maria de Maeztu kultur etxean (Berriobeiti, Nafarroa). Bertan, Toki komunikabideen urteko lanik onenak saritu eta sektoreak dituen erronkei buruzko gogoetak zein esperientziak partekatzeko aukera izan zuten hedabideek.
Erakundeak bidelagun
Iban Aranzabal Tokikomeko lehendakariaren ongietorri hitzen ostean, erakundeetako ordezkariek hartu zuten hitza. Nafarroako Gobernuaren izenean, Jabier Arakama Euskarabideko zuzendariak, tokiko hedabideek komunitatea eratzeko duten gaitasuna nabarmendu zuen: “Jendartea euskararen inguruan sentsibilizatzen laguntzen duzue”. Halaber, Euskarabideak tokiko hedabideekin duen atxikimendua ere azpimarratu zuen.
Haren ostean, Jokin Azkue HABEko zuzendariak hitz egin zuen, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren izenean. Tokiko hedabideak berrindartzeko beharra azpimarratu zuen Azkuek, mundu mailan ematen ari diren aldaketen aurrean: “Kontsumoan ere aldaketak ematen ari dira, eta horren adibide dira sare sozialak. Oinarrian, baina, hedabideen kalitatea dago, eta horiek gabe ezin da kontsumoa sustatu”. Eusko Jaurlaritzak “bidelagun” izan nahi duela esan zuen, eta lankidetzarako luzatu die eskua tokiko hedabideei.
Sariak azalik, edukirik eta ikus-entzunezkorik onenei
Hitzartzeen ostean, 2024ko Tokikom Sariak banatzeari ekin zioten. Kategoriaz kategoria banatu zituzten hiru, sari Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatutako ekitaldian. Azalik onenaren saria Sakanako Guaixe aldizkariarentzako izan zen' Matxismoa ari du' goiburu duen aldizkariaren azalarekin.
Edukirik Onenaren Saria Azpeitia Gukarentzat izanzen. Maialen Etxaniz kazetariak aldizkariaren maiatzeko zenbakirako 'Gelditu dira inprentaren makinak' izenburupean egindako erreportajea nabarmendu zuen epaimahaiak. ANBOTO finalisten artean izan zen, Gazatik ihes egitera beharturiko palestinarrei buruzko erreportajea dela-eta.
Ikus-entzunezko Onenaren Saria, berriz, Antxeta irratiarentzat izan zen, 'Uhin inklusiboak' lanagatik. Ikus-entzunezko eduki sorta hori jendarte eredu anitzagoaren eta inklusiboagoaren aldekoa dela esan zuen epaimahaiak.
Azkenik, aurten, sari berezi bat ere banatu du toki komunikabideen bateraguneak. Hain zuzen, ekitaldia Nafarroan egin denez, eta Nafarroako Laboral Kutxaren babesletzari esker, Nafarroa Saria eman dute. Lurralde horretako kultur ondarea ondoen islatzen, aniztasuna ondoen transmititzen eta Nafarroaren irudia eta atxikimendua ondoen sustatzen duen edukiari eman diote saria. Ultzamaldeko Pulunpe komunikazio taldeak argitaratutako 'Dialeko azkenak' ikus-entzunezko lanari eman diote Nafarroa Saria. Epaimahaiak Pulunpek argitaratutako lana azpimarratu du, “oso ondo” jasotzen duelako garai batean Nafarroako toki askotan pil-pilean zegoen euskarafobia.
Gogoeta hainbat hizlariren laguntzaz
Behin sari banaketa ekitaldia bukatuta, euskarazko toki komunikabideen erronkak aztertzeko eta esperientziak zein gogoetak partekatzeko aukera izan zuten Artikan bildu ziren profesionalek. Horretarako bidea eman zieten Jon Sarasua Euskararen Gogoetaguneak egitasmoaren koordinatzaileak, Lurdes Etxezarreta eta Xabi Gartzia AEKren Nazio Kontseiluko kideek eta Ramon Argelina elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak, hitzaldi banarekin.