“Ez da bizitzen dugun lehenengo gerra, baina honako honek ez du neurririk, urrutiegi joan da”

Ekaitz Herrera 2024ko ots. 9a, 12:19

Gazatik ihes egitera beharturiko 25 herritar palestinarrek Berrizko Olakueta aterpetxean hartu dute babes azken hiru hilabete hauetan. Eguenean Gasteizera lekualdatu zituzten. Lau familia dira guztira. Bozeramaile legez, familietako guraso bik erantzun dizkiete ANBOTOren galderei, Issam Abushammalak eta Ihab El Hindik. 

Noiz eta zelan ailegatu zineten Berrizera?
Issam Abushammala: Azaroaren 16an ailegatu ginen hona. Espainiako gobernuak Jerusalemen daukan enbaxadaren laguntzari eskerrak heldu ginen, hegazkin militar batean. Gazako hiritarrak gara, eta familiako kideen artean hiritartasun espainiarra duten kideak ditugunez, handik irteteko zortea izan dugu. Nire kasuan, adibidez, alabetariko bat Espainian jaiotakoa da. Espainiako hiritartasuna du. Eta berari eskerrak, familiako kide guztiok irten ahal izan dugu handik. Baina, tamalez, kontuan hartu behar da Gazako zerrendan bi milioi biztanle daudela guk izandako aukera bera eduki guran, handik irten guran. 

Zelan bizi duzue Palestinan eta bereziki Gazan gertatzen dabilena?
I. A.: Unibertsitate ikasketak ditugun herritarrak gara. Orain hogei bat urte amaitu genituen ikasketak, Espainian. Eta bake prozesua hasi zenean Palestinara joan ginen, hemen ikasitakoagaz han laguntzeko. Unibertsitatean irakasle hasi ginen, lana topatu genuen, eta bizimodua han eratzen hasi ginen. Eta, halako batean, egun batetik bestera, Berrizen gaude. Ez dut berbarik topatzen gertatu dena deskribatzeko. Lurrikara berba gutxi da. Desastre berba labur geratzen zait. Ez da bizitzen dugun lehenengo gerra, baina honako honek ez du neurririk, urrutiegi joan da. 

Gerra hau zertan da desberdina?
Ihab El Hindi: Gertatzen dabilenak edozeinen onarpen eta irudimen mailak gainditzen ditu. Ezohikoak diren baldintzetan bizitzera ohituta dagoen herria gara, jaiotzen garenetik presiopean bizi gara. Gaza munduko kartzelarik handiena da. Eta jendea ahalegintzen da kartzela horren barruan, ahal duen neurrian, ahalik eta ondoen bizitzen. 2006tik hona bost bat gerra bizi izan ditugu. Orain arte denerik galtzen zen: eraikinak, etxeak, eskola bat,... baina erasoak amaitutakoan beti geratzen zen bizitzagaz aurrera egiteko zerbait. Gerra honetan, ostera, ez da ezertxo ere geratzen. Ez eraikinik, ez lanik, ez azpiegiturarik. Kasurik onenean gerra eteten bada ere, adimenik handiena duenak ere ez du jakingo zer egin, tresna guztiak faltako dituelako dena berreraiki eta guztiari berrekin ahal izateko. Israelgo estatua ezarri zenetik hona, gure herrialdeak bizi duen egoerarik gogorrena da hau. 

Gerra lehertu baino lehenago, zelakoa zen bizimodua han? Zertan lan egiten zenuten?
I. A.: Nik Palestinako unibertsitate prestigiotsu batean lan egiten nuen, Al-Azhar unibertsitateko farmazia fakultatean. Irakasle katedratikoa naiz. Dena nuen antolatuta: etxea, autoa, soldata... Oso ondo bizi nintzen. Politikan ez nintzen sartzen. Zientzialaria naiz eta politika ez zait askorik interesatzen. Jubilazioan pentsatzen nenbilen. Orain, hemen, dena hasi behar dut zerotik.
I.E.H.: Ni medikua naiz. Torax eta digestio kirurgian doktoratua. Gazako eta Palestina osoko ospitalerik handienean lan egiten nuen, Al-Shifako ospitalean. Irakasle lanak egiten nituen irakasleentzat, belaunaldi berriak hezten, radiologia eta kirurgia klaseak ematen. Ekonomikoki ondo bizi ginen, beharrizanak beteta eta hile amaierara egoki ailegatuta. Lehenago esan dudan moduan, munduko kartzelarik handiena da Gaza, eta jendea ahalik eta ondoen bizitzen ahalegintzen zen. Gazako hondartza handia da, udan gozatzekoa. Hirian kasinoak zeuden, klubak, kafetegiak, jatetxeak. Kartzela izan arren, gauza erakargarri asko zuen. Modu erosoan bizi zitekeen.

Eta zelan ikusten duzue etorkizuna?
I. A.: Orain gure seme-alabei laguntzea da gure lehentasuna. Umeen eskolak, umeek gaztelania ikastea, egoera ulertzea, adaptazioa, etxebizitza, alokairuak, eta paper kontuak kudeatzea. Arlo profesionalean ezin dut pentsatu, oraingoz. Adibidez, nik ezin dut Euskal Herriko Unibertsitateagaz ezertxo ere egin, paper arautuak izan arte. Gainera, jada ez gara hain gazteak kontratatuak izateko. 
I.E.H.: Ezin dugu etorkizunean pentsatzen hasi Gazan gertatzen dabilena amaitu arte. Anaia dut han, osaba, izebak. Horrenbestez, ezinezkoa zaizu beste ezertan pentsatzea. Egunero heltzen zaizkizu albiste txarrak: familiako kideren bat, lagunen bat edo lankideren bat hil dutela. Egoera hori eten arte ezinezkoa da etorkizuna irudikatzea. Ahalegina egin arren, ezin duzu. 

Zelan baloratzen duzue nazioarteko estatuek duten posizioa Palestinan gertatzen dabilenaren aurrean?
I. A.: Ez dut ulertzen gertatzen dabilen guztiaren aurrean, hainbeste urteren eta akordioren ondoren, nazioarteak zelan onartzen duen errugabea den herrialde bati horrelako zerbait egitea. Gure herriaren askatasuna baino ez du gura. Europan, Espainia da guganako atxikimendurik handiena erakusten duen herrialdeetariko bat. Baina bere eragina ez da nahikoa. Nazioartean sinaturiko akordioek bete barik jarraitzen dute. Sarraski hau eten egin behar da, Israel presionatu egin behar da. Gure lurren %80 hartu dutela azaldu behar da. Askatasunen bat behar dugu, eta bakea eraki, hau guzti hau gehiegizkoa da eta.
I.E.H.: Nire iritzia da Palestina eta arabiar herrialdeak dezepzionatuta daudela Mendebaldearen jarreragaz. Ez dira Mendebaldeaz fio. Hipokresia maila guztiak gainditu dira. Askatasunaren eta Giza Eskubideen defendatzaile den Mendebaldearen jarrera guztiz ulertezina da. Era berean, kontraesankorra da Ukrainako inbasioaren aurrean Ukrainari defendatzeko eskubidea duela aitortzea eta milioika euro inbertitzea, eta urtebeteren buruan, herrialde okupatu bati egiten zaion sarraskiaren aurrean jarrera aldatzea. Hamasek egin dituen operazioen aurrean, guztiz neurrigabea da Israelek eragindako sarraskien magnitudea. Egoera honetan gorrotoa dabil gailentzen, eta belaunaldi berriak gorrotoan hazten dabiltza. Eta, bien bitartean, mundu osoa telebistaz ikusten dabil gertatzen dabilena. 

Zein irtenbide desiratzen duzue? 
I. A.: Bakea, bakea eta bakea. Nahikoa da. Herritar arruntak gara eta eskubide osoa dugu herritar arruntek duten bizimodua izateko. Nire semeak hamabost urte ditu eta zazpi gerra bizi izan ditu orain arte. Zortekoa izan da eta bizirik irten du. Baina hurrengoan? Behin betiko irtenbide bat gura dugu, orain.
I.E.H.: Hau guzti hau asko luzatzen dabil, Netanyahuk badakielako hau amaitzen bada bere azkena dela. Edo nazioartean epaituko dute, edo ihes egingo du AEBetara. Lehenengo, dena eten dadin gura dugu, hildako gehiago ez egotea, min gehiago ez egotea. Gero, preso dauden palestinarrak askatzea gura dugu. 11.000 inguru dira gaur egun. Su eten luze bat behar dugu, herritarren itxaropena eta bizi proiektua berriro ere martxan ipini dadin. Berdin Gaza berreraikitzeko materiala sartu dadin. Azkenik, Estatu Palestinarraren sorrera behar dugu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!