1.000 esker, 23 urte

Anboto 2024ko aza. 15a, 08:30

ANBOTO zenbaki borobilera heldu da: 1000. alera. Bada arrazoi nahikoa Durangaldeko hedabidearen ibilbidea errepasatu eta aurrera begirako erronkez hausnartzeko.

Azaroaren 9an, ANBOTOk 23 urte egin zituen. Hamarkada bitik gorako bidean igarotakoen errepasoa egiteko, ale monografiko hau kaleratu dugu. Momentu egokia da egindako ibilbidea errepasatu eta aurrean ditugun erronken aurrean hausnartzeko.

Papereko aleagaz hasi ginen eta webgunea gehitu genion jarraian. Mugikorraren erabilerak eta sare sozialek unean uneko informazioa lantzera eraman gaituzte, urteko 365 egunetan. Hau guzti hau eta etorriko direnak zuei eskerrak izango dira. Langile, banatzaile, irakurle, instituzio, sortzaile zein iragarle, mila esker denoi!

1.000 ale Durangaldeko aktualitatea kontatzen

 

ANBOTOren lehenengo aleak 2001eko azaroaren 9an ikusi zuen argia. Eskualdeko euskara elkarteen bultzadagaz, euskara hutsezko hedabidea martxan ipini zuten, barikuro zure postontzian jaso duzuna, irakurle. Egitasmoak bide horri jarraitu dio harrezkero. Horren ondoren, anboto.org webgunea heldu zen, 2003an. Astekaria eta orainkaria.

Mugikorraren erabilerak informazioa kontsumitzeko ohiturak aldatu ditu mundu guztian, gurean ere bai, eta ANBOTO aldaketa horietara egokitzen joan da. Gaur egun mugikorretatik dator hedabide honen Internet bidezko bisiten %84. Sare sozialak, esate baterako, ohiko lan tresnak dira gaur egun. Desinformazioaren eta albiste faltsuen gizartean inoiz baino beharrezkoagoa da kalitatezko informazioa eskuratzea.

23 urte informatzen

ANBOTOk 23 urte daramatza Durangaldeko albisteak lantzen. Hemerotekaren errepasoa eginez, honako albiste hauek sailkatu ditugu. Urte hauetan guztietan zero kilometroa lantzen aritu gara bertatik bertara, eta aurrerantzean ere gertuko albisteak kontatzen jarraituko dugu.

Tokikomen kide

ANBOTOren beste aurrerapausoetariko bat Tokikomen sorrera izan da. Tokiko euskarazko hedabideen bateraguneari eskerrak, ANBOTOk hobekuntza garrantzitsuak egin ditu Kudeaketa, ediziorako tresnak, inteligentzia artifizialari loturiko tresnak...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!