[BIDEOA]: "Gozatun ere zuekin egongo gara 1.000 zenbakia ospatzen"

Ekaitz Herrera 2024ko aza. 14a, 15:00

ANBOTO ospakizunetan murgilduta dago, biharko astekaria borobil-borobila izango da-eta: milagarrena. Eta zer hobe 1.000. alea gozo apur batekin ospatzea baino? Durangoko Gozatu gozotegiko Karmele Elexpek gutiziarik gozoenekin beteriko pasta-kaxa bat oparitu digu. Bihar, barikua, kalean, etxeko postontzian eta web atari honetan izango gaituzue gozokiak zuekin guztiokin elkarbanatzen! On egin eta mila esker guztioi!

Karleme Elexpe iurretarra Gozatu gozotegiko arduraduna da. Eragileen arteko lankidetza ipini du adibide modura denok aurrera egiteko.

Hamabostean behin zozkatzen ditugun pastelen irabazleak poz-pozik etortzen dira gure erredakziora, pastela eskuratzeko txartelaren bila.

Guretzat ere pozgarria da hori. Bizitza honetan dena ospatu behar da. Urtegunak zein zorioneko amaiera duten erronkak. Triste gaudenean ere, ospakizunak behar ditugu bizitzari bizipoza emateko. Anbotoko onuradun asko bezero ditugu. Pozarren etortzen dira pastelaren bila.  

Izan ere, gozoak zein gozokiak lagungarriak dira bizitza ospatzeko?

Ospakizun handiak, bazkariak, afariak... beti amaitzen ditugu mokadu gozo bategaz. Gozoki horiek ospakizuna handia den seinale izaten dira, hain zuzen ere. Ospakizunak zerbait gozoa janda amaitzen ditugu, eta horixe da gure lana. Herritarren ospakizunetan sartzen gara. Niretzat oso pozgarria izaten da mahai horren parte izatea. Nahiz eta gu geu ez garen modu presentzialean hor egoten, gure ekoizpenak, gure lana, ospakizunean daude. Gauza handia da hori.

ANBOTOk bere 1.000. zenbakia kaleratu berri du. Gu geu ere ospakizunetan gaude.

1.000 ale! Ez zarete makalak, gero! Garaiotan, eremu digitala nagusi dela, asteroko argitalpenari eustea egundoko erronka da. Meritu itzela duzue, aupa ANBOTO! Zorionak gure partez ere. Hor egongo gara, zuen ospakizunetan.

Dena dela, ospakizunetan murgilduta dagoen bakarra ez da gure astekaria. Gozatu gozotegia ere zorioneko dago. Establezimenduak 12 urteko ibilbidea bete berri du.

30 urte bete dira nire lehenengo gozo-denda zabaldu nuenetik, baina oraingo honek, Gozatuk, hamabi urte egin berri ditu. Badira urte batzuk. Gozatun gozogileen proiektua indartu gura dugu. Hau da, ogi ona daukagun arren, gozogintzan sakondu gura dugu. Kalean denda bat urterik urte zabalik mantentzea ez da lan erraza. Dendari txikiok enpresa handiak ditugu lehiakide. Ausart eta gogor lan egin behar izaten dugu. 

1.000. zenbakia ospatzeko, gozo-kaxa bat eskatuko dizut. Baduzu gomendiorik?

Era askotako gozokiak egiten trebatu gara, eta pastekin arrakasta berezia lortu dugula iruditzen zait. Mani&CO izeneko pastak, adibidez, Euskadiko pastarik onenaren saria irabazi zuen apirilean. Bestalde, era askotako pastak saltzen ditugu kaxatan. Mugurdi marmeladagaz egindakoak, gurinezkoak eta kokozkoak, kafeagaz eginikoak, intxaurdunak eta kaneladunak... proba itzazue! 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!