Konpromiso pertsonalak hartzeaz gainera, enbaxadoreek Euskaraldiaren eta haren erabakien berri emango diete euskara ulertzen duten lagun, senide, kide edo ezagunei, egitasmoan parte hartzeko gonbidea luzatuta. Laugarren edizioagaz bat eginda - Elkar mugituz egingo dugu - hamaikakoa osatzen duten lagunek erabileran aurrerapausoak ematera eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak. “Esaera zaharretan jasota dago: bati esaten zaiona, hamaikak jakiten du. Eta hori izango da, hain zuzen ere, hamaikakoak abiatuko duena. Bati, biri, hamaikari esan, haiek beste hamaikari kontatzeko eta guztiek euskararen uhinarekin bat egiteko” azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaile orokorrak.
Honako hau da 2025eko udaberrian egingo den Euskaraldiko enbaxadoreen hamaikakoa:
- Eneko Atxa Azurmendi, sukaldaria
- Oihana Azkorbebeitia Urizar, mendi lasterkaria
- Aitor Bengoetxea Zabalza, musikari eta break dantzaria
- Lutxo Egia del Rio, idazlea
- Eneko Garcia Jaurena (Albina Stardust), trabestia
- Ana Goitia Erkiaga, kazetaria, aurkezlea eta umoregilea
- Itziar Ituño Martinez, aktorea
- Roberto Moso Gil, komunikatzailea
- Zibel Untsain Damestoy, dantzaria
- Esti Urresola Solaguren, zinemagilea
- Mikel Urrutikoetxea Azkueta, pilotaria
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa erraldoia 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da, lehen aldiz, udaberrian. Enbaxadoreek, Euskaraldia zergatik eta zertarako egiten den azaleraztea izango dute egiteko nagusien artean. “Euskaraldiaren bidez, hizkuntza portaera zehatz batzuk normalizatu nahi ditugu, arau sozial
bihurtu. Portaera sinpleak itxuraz, baina oraindik ez daudenak errotatuta”, azaldu du Urkijok.
Jendartean zabaldu gura dituzten hizkuntza portaerak honakoak dira: lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitea. “Lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan -ulertzen gaituzten guztietan- euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera. Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen dugu”, azpimarratu nahi izan du Urkijok.
Izan ere, Euskaraldiaren helburua hori da: euskararen erabileran eragitea, euskara gehiago entzun dadin Euskal Herri osoko txoko eta bazterretan. Euskaraldian parte hartuko duten herriak zein entitateak dagoeneko hasi dira izena ematen. Ariketara batu nahi dutenek horretarako aukera dute euskaraldia.eus webgunean.