#0km

Durangaldeko 12 ekoizlek parte hartuko dute Ermuko San Martin eguneko azokan

Anboto 2024ko aza. 4a, 11:49

Azoka zapatuan egingo da, azaroak 9. Ortuariak, ogia, eztia, gazta, marmeladak, ahatekiak, frutak, sagardoa eta txakolina eskuratu ahalko dira besteak beste. Gainera, animazio eta ekintza ugari egongo da. Euskal Birusa elkarteak herri-kirolak, gaiteroak, baba-jana eta Ermuan Kantuan programatu ditu.

Ermuko herritar askorentzat urteko egunik bereziena izango da zapatu honetakoa. Azaroaren 9an, San Martin eguneko azokaren edizio berri bat egingo dute, hogeita hamalaugarrena. Goizeko 11:00etatik hasita, herriko erdiguneko kaleak baserritarren salmahaiekin, askotariko ekitaldiekin eta festazaleekin beteko dira. Baserri azokan 40 ekoizlek parte hartuko dute, eta euretariko 12 Durangaldekoak izango dira. Honako produktu hauek eskuratu ahalko dira besteak beste: frutak, ortuariak, ogia, eztia, gazta, sagardoa, txakolina, gozogintza, marmelada, garagardoa eta ahatekiak. Horrez gainera, hamahiru artisau egongo dira euren lanak saltzen: bitxiak, eskuz egindako arropak, motxilak, xaboiak, kandelak eta bestelakoak. Bestalde, saskigileak, egurra lantzen duten artisauak eta beiragileak egongo dira bisitarien aurrean zuzen zuzenean lanean. 

Euskara ardatz

San Martin eguneko Ermuko Euskal Birusa elkarteak antolatzen du 1990etik, ermuarren artean euskararen erabilera sustatzeko helburuz. Elkartean 40 herritar inguruk jarduten dute, hainbat batzordetan antolatuta. Azoka egunari dagokionez, 200 euskaltzale boluntario aritzen dira lanean.

EGITARAUA

11:00 Barazkiak eta frutak erosteko aukera egongo da, hala nola Euskal Herrian ekoitzitako txakolina, sagardoa, gazta eta gozoak.

  • Martxoaren 8a plazan, inguruko abereen eta hegaztien erakusketa.
    Ikastetxeen salmenta postuak Goiko parkean.
  • Goizean zehar, Alboka Musika Eskolako trikitilariek eta Bizkaiko Gaiteroek girotuko dituzte inguruak.
  • Aurrekoez gainera, artisauen gunea (salmenta eta erakusketa), herri-kirolen erakustaldia, talo eta saiheski postuak, Txindurri taldearen euskal dantzak, idi-parea...
  • Artaldea jaitsiko da Berano txikitik eta 14:00etan auzora bueltatuko da.

12:00 Herri-kirolen erakustaldia San Martin plazan eta umeentzako herri-kirolak Euskaldun Berriaren plazan.

12:00 Komentukua kaletik hasita, Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoien kalejira.

13:30 Ekoizleen sari-banaketa.

15:30 Baba-jan herrikoia.

17:00 Ermuan Kantuan Merkatu plazan, Ugaitz eta Beñat musikariek girotuta.

19:00 Kalejira Bizkaiko gaiteroekin.

19:45 Errifaren zozketa, Larraindantza herrikoia eta argazki lehiaketaren sari-banaketa plazan.

20:00 Erromeria Goizargi taldearekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!