LAN HERIOTZA

Hil egin da urriaren 15ean Zornotzako lantegi batean istripua izan zuen behargina

Anboto 2024ko urr. 25a, 14:41

Boroako industrialdea.

ELA sindikatuak eman du lan heriotzaren berri. 48 urteko behargina hiru metroko altueratik jausi zen "lanean ari zen egurrezko zorua hautsi" zitzaionean. Zaurien larritasuna dela eta, behargina atzo hil zen. Ezbeharra Maderas Etxeari enpresan gertatu da.

ELAk Zornotzan gertaturiko lan heriotza baten berri eman du. Ezbeharra urriaren 15ean gertatu zen, Boroako Maderas Etxeari enpresan. Langilea, baina, atzo hil zen, zaurien larritasunaren ondorioz. "Langilea hiru metroko altueratik erori zen, lanean ari zen zurezko zorua hautsita. Ezbeharra Boroako Maderas Etxeari enpresan gertatu zen, baina langilea Iurretako DANA-AIR azpikontratakoa zen eta konpresoreak mantentzeko eta berrikusteko lanak egiten ari zen", zehaztu du sindikatuak ohar batean.

Sindikatuak "prebentzioan inbertsiorik ez egitea, jardueren koordinazio desegokia eta baldintzen prekarietatea" zerrendatu ditu "istripu hilgarrien atzean" dauden "faktore" modura. Dolumina helarazi diete hildakoaren familiari eta lankideei, Bizkaiko metalaren sektoreko langileei eta Euskal Herriko langileriari. "Egoera aldatzeko lan baldintza duinak, osasungarriak eta seguruak eskatzen" jarraituko dutela iragarri dute, eta instituzio publikoak deitu dituzte "laneko arriskuen prebentzioari dagokion legea bete eta hori bermatzeko neurriak ezartzea"

ELAk salatu duenez, urtea hasi zenetik 48 beharginek galdu dute bizia Hego Euskal Herrian. Horietatik hamahiruk, Bizkaian.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!