Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako guraso talde batek hasi zuen bidea, 2019an, seme-alaben eta pantailen erabileragaz kezkatuta. Orain hile batzuk, Gipuzkoako hainbat herritako gurasoek Altxa Burua sarea sortu zuten, seme-alabei Interneterako sarbidea duten gailuak ematea atzeratzeko helburuz eta helduak zein nerabeak tresna digitalen erabilera egokian trebatzeko asmoz. Eta, oraintsu, mugimenduak beste pauso bat eman du Gipuzkoako mugak atzean utzi eta kontzientzia gainerako herrialdeetara zabalduta. Adibidez, Durangon eta Elorrion ere osatu dituzte Altxa Buruaren aterkipeko taldeak, eta beste hainbat udalerritan ere sortzen hasi dira; Abadiñon, Elorrion, Atxondon, Zaldibarren, Otxandion, Iurretan, Garain, Durangon eta Berrizen.
Altxa Buruak sinadura bilketa bat hasi du Eusko Jaurlaritzari sakelakoen erabilera ikastetxeetan debekatzea eskatzeko. Zer da mugimenduak eskatzen duena?
Naia Olea: Araudi bat eskatzen dugu, marko legal bat, eskolak mugikorrik bako arnasgune izan daitezen. Izan ere, sakelakoek arazo ugari sortzen dute ikastetxeetan. Gatazka iturri izaten dira, irakasleek polizia lana egin behar izaten dute, ikasleen artean hartu-emanak ahultzen dira, ziberjazarpena dago, arretarako gaitasuna murrizten da, lo arazoak ekartzen ditu... eta araudi batek horri guzti horri aurre egiten lagunduko liguke. Sinadurekin batera, Hezkuntza Sailera gutunak bidaltzen gabiltza. Denok babestuko gaituen marko legal bat eskatzen dugu, ulergarria eta ziurra dena. Edozelan ere, argi utzi gura dugu honako hau ez dela teknologiaren kontrako jarrera bat. Teknologiaren erabilera osasuntsu eta seguru baten aldeko jarrera da gurea. Ez dugu inor epaitzen. Hau guzti hau denoi eragiten digun kontua dela uste dugu.
Andrea Aginagalde: Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen eskura utzi zuen mugikorren erabilera debekatzeko aukera. Eta hor ikastetxe bakoitzak bere irizpidea izan dezake, batean bai, bestean ez. Horregaitik, goitik etorritako araudi orokor bat lagungarria izan daiteke guztiok, ikastetxe eta herri guztiok, irizpide zehatzak izan ditzagun.
Gurasoak zarete. Zuen begiz ikusten duzue mugikorraren erabilerak nerabeengan izaten duen eragina.
N.O.: Adingabeak ez dira helduak, eta esku artean dutena oso teknologia potentea da. Jasotzen dituzten edukiak ez dira egokiak haien adinerako, eta kontuan hartu behar da horiek guztiak garapenean dagoen burmuin batek jasotzen dituela. Hor datoz hartu-emanei loturiko arazoak, adibidez. Pantaila batek komunitate sentsazio faltsua ematen du.
A.A.: Beste kezka iturri handi bat jazarpena da. Adibidez, iaz Elorrion egindako formakuntza saio batzuetan, honako datu hau ondorioztatu genuen: DBH1 mailako ikasleen %75ek pantaila bidezko jazarpen kasuren baten berri zeukan. Izan ere, askotan, hausnartu barik partekatzen da edukia sarean, batez ere nerabezaroan, eta partekatze hori modu oldarkor batean egiteko arriskua dago. Orain urte batzuk, lekuz kanpoko zerbait egiten bagenuen, kontua etxean geratzen zen. Baina gaur egun irudiak azkar zabaltzen dira eta luzaroan egon daitezke Interneten eskuragarri. Eta horrek guzti horrek eragina izan dezake irudiotan ageri denaren izen onean eta pribatutasunean.
"Gurasook ere formakuntza behar dugu, pantailak atoan etorri dira azken 20 urteotan"
Altxa Buruak helduen formakuntzan ere ipini gura du fokua.
A.A: Bai. Guraso garenok ere formakuntza handia behar dugu. Mugikorraren eta pantailaren erabilera arrapaladan heldu zaigu azken 20 urteotan, eta jokoz kanpo harrapatu gaitu. Autoko gidabaimena bai, badugu. Baina iruditzen zait pantailen erabileragaz gurasook ez dugula gidabaimenik lortu. Eta horixe behar dugu lehenengo. Hau da, formakuntza on bat behar dugu lehenengo, gero gure seme-alaben bidelagun eta eredu izateko. Izan ere, gaur egun identitate digitala dugu, sarean gaude, eta datu horiek guztiak, zure lokalizazioa, argazkiak, partekatzen duzun guztia, datu enpresen erregistroetan biltegiratzen dira, gero horiek guztiak modu batera edo bestera saltzeko.
N.O.: Teknologiaren erabiltzaile gara, baina ez dugu inork erabili gaitzan gura. Hain zuzen ere, zein da gure datuen erabilerari etekina ateratzen diona?
Ikastetxeetan sakelakoak izan behar duen lekuari buruz gabiltza, baina, gero, hori guzti hori zelan eramaten da etxera?
N.O.: Adibidez, mugikorren aparkaleku bat sortu dezakegu. Erabilera ordutegia arautu dezakegu, otorduetan ezin erabiltzea, eta halakoak. Beste ariketa interesgarri bat norbere mugikorreko erabilera orduei erreparatzea izan daiteke. Azkenik, seme-alabei Interneterako sarbidea duen telefono bat ematen diegunean, seme-alabekin erabilera kontratu bat egin dezakegu. Alde biko kontratua, arau sendoekin.
Durangoko edo Elorrioko Altxa Burua taldeagaz hartu-emanetan ipini gura duenak zer egin dezake?
N.O.: Badago Bizkai osoari begirako helbide elektroniko bat: altxaburuabizkaia@gmail.com. Durangoren kasuan, guraso bakoitzak bere ikastetxean galdetu dezake.
A.A.: Elorrioren kasuan, posta elektroniko hau dugu: altzauburua@gmail.com