Altxa Burua

Otxandioko guraso batzuk Altxa Burua taldea sustatzen dabiltza

Ekaitz Herrera 2024ko urr. 11a, 08:30

Pantailen erabileragaz arduraturiko guraso talde batek ZEOS programara batu gura ditu herriko eragileak.

Otxandioko guraso talde bat Altxa Buruaren aterkipeko plataforma sustatzen hasi da herrian. Oraingoz ez dute Durangoko eta Elorrioko taldeen pareko antolakuntza trinkoa lortu, baina apurka-apurka bidea egiten hasi dira. Helburu bat, behintzat, badute zerumugan: herriko eragileak ZEOS proiektura batzea gura dute. Hau da, eskola komunitatea, gurasoak eta udala inplikatu gura dituzte sakelakoen eta pantailen erabilerari buruz hausnartzeko eta trebatzeko. Aurreratu dutenez, Telmo Lazkanoren eta Maitane Ormazabalen berbaldi bat antolatu gura dute. 

Otxandioko Altxa Burua sustatzen dabilen gurasoetariko bat Larraitz Madariaga da. "Internetek era askotako kalteak sortzen ditu. Adikzioak, jokoak, edari energetikoak... Itzela da ohartzea tresna bakar batek zenbat kalte desberdin eragin ditzakeen. Otxandioko irakasleek eurek ere esan izan digute Haur Hezkuntzan ere hasi direla eragina igartzen. Esaterako, hizkuntza trebeziari loturiko arazoak identifikatu dituzte", azaldu du Madariagak. Edozelan ere, berak argi du: "Teknologia izugarri erabilgarria izan daiteke, onuragarria, baina beti ere modu osasungarrian erabiltzen bada". 

Otxandioko taldeagaz hartu-emanetan ipini gura duenak altxaburue.otxandio@gmail.com helbidea du eskuragarri. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!