Altxa Burua mugimendua hazten dabil, pantailen inguruan hausnartzeko beharrizan bat dagoen seinale.
Bai, azken urteetan bizitasun handia hartu duen mugimendua da eta gero eta handiagoa bihurtzen ari da azkenaldian.
Sinadura bilketa bategaz ipini duzue martxan kanpaina, ikastetxeetan mugikorrak debekatzeko legea eskatzeko. Zergaitik da hain garrantzitsua sinadura bilketa hau?
Alde batetik, mugikorrak eskoletatik kanpo utzi direnean ebidentzia zientifikoak erakutsi digu hobekuntza garrantzitsuak gertatu direla oso maila inportanteetan. Adibidez, irakasleen eta ikasleen eginbeharrak hobetu dira, arreta gaitasuna hobetu da, ziberjazarpenaren aurrean hobekuntzak izan dira, mugikorrarekiko dependentzia jaitsi da, PISA informeetan hobekuntzak izan dira, jarduera fisikoa areagotu egin da eta ikasleen hartu-emanak sustatu egin dira. Bestetik, txanponaren beste aldean argia jartzen badugu, konturatuko gara mugikorrak ez duela hobekuntzarik eragin. Hau da, galdera izango balitz: "Azken hamarkadetan mugikorrak eskoletan izateak hezkuntza sistema hobetu du?". Hor ez dugu ebidentzia zientifiko sendorik aurkituko baieztapen hori egiteko. Beraz, ikasleen eskubide bat bermatzera dator: ikasteko prozesua ahalik eta hoberena izatea. Gainera, ikastetxeetan, ikasleez gainera, bertako profesionalak ere badaude, irakasleak eta zuzendaritza taldea. Ikuspegi hau eurengana ere zabaldu behar dugu. Azken batean, gailu honek jazarpena ekarri du, ez bakarrik ikasleen artean, baita ikasleek irakasleei egindakoa ere. Noski, eskolari ez zaio eskumenik ematen ikastetxera gailurik ez sartzeko. Baina, sartzen baldin bada, eskola da erantzulea. Hor kontraesan handia dago.
Alde horretatik, irakasleenganako jazarpen kasuak gertatu dira?
Bai, eta ikasle batek irakasle bati ikasgela barruan egindako ziberjazarpenaren ondorioak zuzenean ikastetxe horrek ordaintzen ditu auzitara joanez gero. Donostiako San Patricio eskolan gertatutakoa horren adibide da. DBH2ko ikasle batek ziberjazarpena egin zion irakasle bati eta auzitara joan ziren. Azkenean, ikasle horren tutore legalen eta eskolaren artean 24.000 euro ordaindu behar izan zizkioten irakasleari. Beraz, berme juridiko bat behar dugu eskolak ahalmena izan dezan gailua bere esparrutik kanpo uzteko. Berme hori Hezkuntza Sailetik etorri beharko litzateke. Bestalde, ezin da eskola batean modu batera jokatu eta beste batean beste modu batera. Segurtasun falta juridikoa esaten zaio horri. Horregatik, nazioartean eta Erkidego Autonomoetan, UNESCOk berak adierazten duen moduan, eskolak mugikorrik gabeko arnasgune izan behar dira. Hori guztia aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzari legea garatzea eskatzen diogu. Eskolek euren araudia izan arren, gorago legokeen lege hori beharko lukete babes juridikoa izateko.
Sinadura bilketaren beste eskaeretariko bat gai honen inguruko kontzientziazioa bultzatzea da.
Ebidentziak erabakigarriak dira. Jakin badakigu ez direla produktu egokiak nerabezaro osasuntsu bat izateko. Osasun publikoko arazo baten aurrean gaude eta arazo horri gizarte modura erantzutea eskatzen da, ez soilik familien aldetik. Horrek instituzioak inplikatzen ditu, kasu honetan Osasun Saila. Gai honi benetako garrantzia emateko eskatzen diogu, eta kontzientziazio kanpaina bat martxan jartzeko.
Ume edo gazte bati mugikorra emateko adina erabakigarria da, adin hori ahalik eta gehien atzeratzea.
Gai honetan hainbat aldagai dago: edukien kontsumoa, denbora kontsumoa eta adina. Internetera sarbidea duen gailu bat zenbat eta lehenago eman, ume horrek buruko gaixotasunak eta arazo konduktualak izateko arrisku gehiago du. Hainbat txostenek, gure homologo frantsesek Frantziago gobernuari emandako diktamenak eta lan egiten dudan aditu batzordean laster publiko egingo den txostenak ere halaxe adierazten dute. Adina atzeratzea funtsezkoa da; zenbat eta lehenago eman, buruko gaixotasunak eta arazo konduktualak areagotu egiten dira ia esponentzialki. Adinean atzeratzeak ez du harreman osasuntsua ekarriko, albo ondorio murrizte nabarmenak ekarriko ditu. Horregatik, harreman osasuntsu bat izateko, ezagutza eta heziketa behar ditugu. Beraz, garrantzitsua da irakasleekin eta gurasoekin lan egitea.
ZEOS programa ipini duzu martxan. Guraso, irakasle eta ikasleei formakuntza ematen diezue, erronka bategaz amaitzeko: ikasleak euren borondatez astebete mugikorrik barik egoteko aukera. Zelako esperientzia izaten ari da?
Ikasleek ezagutza bat eta iritzi kritiko bat eraikitzea da planteamendua. Kontziente dira gizartean arazo bat dagoela, eta aktibista bihurtzen dira arazo horri aurre egiteko. Kurutziagan martxan jarri genuen, eta beste ikastetxe batzuetan ere bai. Aurten, beste 10 ikastetxetan ere landuko dugu ZEOS programa.