Hiru pertsona atxilotu dituzte Abadiñon eta Iurretan droga trafikoa leporatuta

Anboto 2024ko urr. 8a, 10:00

Kalez jantzitako ertzainek hiru lagun atxilotu zituen atzo, astelehena, droga trafikoa leporatuta. 43 eta 48 urteko bi gizon atxilotu zituzten lehenbizi. Ertzaintzaren arabera, atxilotuek merkataritza lokal bat erabiltzen zuten estalgarri moduan; establezimenduaren arduraduna atxilotu zuten gero. 

Astelehen arratsaldean izan dira atxiloketak, Durangoko Ertzain-etxeko agenteek 43 eta 48 urteko bi gizonezkoren "jarduera susmagarriak" ikusi ostean. Autoa "diskrezioz" jarraitu ostean, agenteek Iurretan geldiarazi zuten autoa. "Polizia ikustean, gidariak poltsa marroi bat bota zuen leihotik, eta kopilotua korrika irten zen, baina uniformedun agenteek geldiarazi zuten. Gizonak substantzia prentsatu marroi batean bi plaka eta substantzia zuri bat zuten hainbat poltsatxo zeramatzan, ustez substantzia sorgorgarriak", azaldu du Ertzaintzak ohar baten bidez. Haien deklarazioak entzun ostean, markataritza-lokal batera joan ziren agenteak, eta bertako 29 urteko arduraduna atxilotu zuten. Ertzaintzaren arabera, bertan, besteak beste, "substantzia prentsatu marroi baten hogei bat tableta", doitasun balantza bat, 1.600 euro inguru aurkizu zituzten; aurretik topaturikoarekin, merkatuan 16.500 euro inguruko balioa izango zuen substantzia sorgorgarri kopuru "esanguratsua" aurkitu zutela nabarmendu du Ertzaintzak. 

Hiru atxilotuek polizia-etxean jarraitzen dute, epailearen arurrera noiz eramango zain. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!