Zenbat hizkuntza, hainbat mundu ikuskera

Ekaitz Herrera 2024ko urr. 4a, 09:42

Mundu zabaletik Euskal Herrira etorritako hizkuntza gutxitudun komunitateetako lau aktibistagaz batu da ANBOTO, Garabidek Aretxabaletan duen egoitzan (Gipuzkoa). Aktibistek honako datu hauek eman dituzte euren jatorri hizkuntzetara hurbiltzeko. 

Saddy Duvan Cometa (Nasa)

"Kolonbiako legediak aintzat hartzen ditu herrialdeko jatorrizko hizkuntzak. Konstituzioak halantxik jasotzen du, baina gero hori guzti hori ez da behar den modura betetzen, hizkuntzak biziberritzeko lana ez da behar den moduan garatzen. 2010ean, herrialde indigenen, nekazarien eta elkarteen borrokari eskerrak, Jatorrizko Hizkuntzen Legea onartu zen", azaldu du Saddy Duvan Cometak. Baina lege babes bat egon arren, hizkuntzaren prestigio soziala oso bestelakoa dela onartzen du: "Hirigune handietan nasa hizkuntza berba egiten dutenak ez dira aintzakotzat hartzen. Herrialde indigenenganako estigma indarrean dago oraindino. Eta, batzuetan, lurralde indigenetan ere sentitzen dugu presio hori, gure hizkuntza gura ez izate hori". 

Nasatarren hizkuntza komunitate nagusia Toribio izeneko hirian dago. Han, Garabide elkarteagaz lankidetza hasi zutenean, nasatarrek Euskal Herriko ikastolen pareko zentroak sortu zituzten. Eta, ordutik hona, proiektu berriak hasi dituzte hizkuntzak biziberritzeko. "Hizkuntza politika bat garatzeko lankidetza hasi genuen administrazioagaz. Hizkuntzagazko kontzientzia lantzeko bide bat izan da. Iaz, prozesu berriak hasi genituen. Batetik, haurreskolan erakutsi beharreko hizkuntzari dagokionez, %80 bertakoa eta %20 gaztelania izatea lortu dugu. Hizkuntza bi ondo dakizkien umearen sormena elebakarrarena baino etekingarriagoa dela ikusi dugu", azaldu du Cometak. "Orain, handitu egin da nasa ikasteko eskaria", amaitu du.

NASA YUWE
Eremua: Kolonbiako hego-mendebaldean mintzatzen da, Cauca izeneko eremuan, nahiz eta migrazio mugimenduak direla-eta Kolonbiako zazpi departamendutan dauden nasatarrak.
Hiztunak: 63.000

Komayari Asheninka (Asheninka)

"Gure hizkuntza komunitatea Peru eta Brasil artean banatuta dago. Ni Brasilgo aldetik etorri naiz. Han, 1988ko eta 1998ko lege biri eskerrak, gure hizkuntzak pausoak eman ditu biziberritzeko bidean. Ikasketak ele bitan egiteko aukera dugu, eta horrek hizkuntza indarberritzeko leiho bat zabaldu digu herri indigena bakoitzari. Herrika eta departamenduka antolatzen gara. Unibertsitatean, adibidez, asheninka ikasten eta aztertzen da. Horrela lan egiten dugu, badugu autonomia bat". Peruko asheninka hiztunek bestelako egitura bat dutela azaldu du Komayari Asheninkak.  

"Hemen bizitzen nabilen esperientzia oso inportantea eta aberasgarria da. Euskararen berreskurapenari buruzko informazio asko eta ezagutza handia jasotzen nabil, eta ikasitakoa asheninkara eraman gura nuke. Horixe da nire ametsa. Hizkuntzalaria naizen neurrian, hori bilatzen dut, nire hizkuntzari ekarpen bat egitea. Asheninka hiztegi bat sortu gura dut, eta gramatika arautzeko oinarriak landu. Peruko kideek badute landuriko gramatika bat, baina Brasilgoak garenok egiteko dugu lan hori. Beharrizan hori dugu, eta nire ametsa hori betetzea da. Egunotan, hemen nagoela, amets hori betetzen nabilela esango nuke", esan du Asheninkak. Bestalde, beharrezkotzat jo du bere hizkuntzari lekua, prestigioa eta oinarri sendoa ematea.

ASHENINKA
Eremua: Asheninka herria Peruko eta Brasilgo eremuetan banatuta dago.
Hiztunak: 10.000 Brasilgo eremuan, eta 60.000 Peruko aldean.

Samira Belyouaou (Riftera/Tarifita)

Belyouaou diasporan bizi den riftarra da. Alemanian bizi da, handik etorri da Euskal Herrira, baina riftera du ama hizkuntza. Amazig hizkuntzen aldaera bat da berea, Marokon berba egiten diren hiru amazig hizkuntza nagusietariko bat. "Amazig estandar bat sortzeko proiektua hor dago, egin da zeozer, baina estandar horrek hutsetik sortu berria den hizkuntza dirudi", argitu du Belyouaouk.

Hizkuntza kontinentala da amaziga, Atlantikotik Arabiara eta Mediterraneotik Niger alderaino berba egiten dena. "Horrenbestez, irtenbidea hainbat bloketan estandarizatzea izan daiteke. Izan ere, idazketagaz ere badira gorabeherak. Aldaera bakoitzak bere alfabetoa du", esan du Belyouaouk. 

Kontuan hartzeko beste ezaugarri bat diaspora da. 1960ko hamarkadan, Alemaniak rifeko jende asko kontratatu zuen lanerako. Koln, Frankfurt eta Düseeldorf hirietan, adibidez, riftar komunitate zabala dago. 

Eta fokua etxean ipinita, zer ikasi dezakegu euskaldunok riftarrengandik? Belyouaouk badu proposamen bat: "Tafallako ikastolara egindako bisitan ikasle batzuek esan zigutenez, edukiak euskaraz sortzen dituen influencer, youtuber eta tiktoker gutxi dago. Rifteraz, ostera, ez da hori gertatzen. Han asko ditugu. Berdin elikadura, makillaje zein entretenimendu sortzaileak".

RIFTERA EDO TARIFITA
Eremua:
Riftera edo tarifita amazig hizkuntzetariko bat da. Maroko iparraldean berba egiten da, Rif izeneko eskualdean.
Hiztunak: Rif eskualdea eta mundu zabaleko diaspora kontuan hartuta, tarifita 6 bat milioik egiten dute.

Tamara Daiana Alegre (Guarania) 

"Argentinako Corrientes eskualdekoa naiz. Gure zonaldean, guaraniak ezabaketa historiko bat izan du. Jatorrizko herriak sortu zituzten familia guaraniarrak historiatik ezabatu zituzten, eta horregaz batera, jesuitak bota zituzten. Horrenbestez, proiektu kolonialean berba egiten zen hizkuntzari buruzko informazio gutxi dugu, guaranieraren idazketan jesuitek eragin handia izan zuten eta", azaldu du Tamara Daiana Alegrek. "20 urte dira bere eskualdeko legediak guaraniera aintzat hartzen duela, baina gero hori guzti hori ez da behar den moduan betetzen. Gainera, lege babesa heldu baino lehenago, guaraniera txarto ikusia eta desprestigiatua zegoen", argitu du Alegrek. "Hori dela eta, azken hamar urteotan autogestioan oinarrituriko esperientziak sortu eta hizkuntza biziberritzeko prozesu bat hasi dugu", azaldu du. "Jendea alfabetatzen eta hizkuntza erakusten hasi da. Orain arte, gaztelaniaz bakarrik berba egitea maila sozialez igotzeko modua zen, edo horrela ulertu izan da. Orain, ostera, jendea hizkuntza bi berba egitearen onurak ikusten hasi da. Hizkuntzari balioa ematen hasi gara", gaineratu du. Alegrek etxean bertan igarri du hori: "Guaraniera da nire hizkuntza, nahiz eta ikasi dudan bigarren hizkuntza izan. Amak ulertzen zuen, nahiz eta berbarik egiteko gai ez izan. Orain elebiduna naiz eta harro nago. Hizkuntzari balioa bueltatzeko momentu horretan gaude".  

GUARANIA
Eremua: Argentinako Corrientes eskualdean, eta Brasilgo, Paraguaiko, Uruguaiko eta Boliviako hainbat eskualdetan berba egiten da. Guaraniak dozena bat aldaera ditu. Indigenak eta indigenak ez direnak mintzatzen dira.  
Hiztunak: 12.000.000 inguru, aldaera guztiak kontuan hartuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!