"Hizkuntza gutxituek ispilu modura ikusten dute euskara"

Ekaitz Herrera 2024ko urr. 4a, 09:43

Tafallako ikastolara bisita orain, Arizmendi ikastolara gero. Sakanako Guaixe komunikabidea ezagutzeko txangoa gaur eta Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkea ezagutzeko sartu-irtena bihar. Berbaldi bat hemen, ikastaro bat han. Mundu zabaleko hizkuntza gutxituetako 18 aktibista Euskal Herrian daude euskara biziberritzeko prozesua gertutik ezagutzera etorrita. Eta halantxik dabiltza, batetik bestera, gure proiektu hezitzaileak eta bestelakoak ezagutzen. Garabide elkartea dute lagun, eta, besteak beste, Endika Blanco Bravo durangarra (Garabideko kidea) bidelagun. Blancok erantzun die ANBOTOren galderei.  

Zeintzuk dira hizkuntza gutxituak biziberritzeko programa honen ezaugarriak?
Mundu osoko hizkuntza gutxituetako aktibistei euren hizkuntzak biziberritzeko eta suspertzeko formakuntza eskaintzea da programa honen helburu nagusia. Beste helburu bat sentsibilizazio lan bat egitea da. Euskal jendartea sentsibilizatu gura dugu hizkuntza aniztasunaren inguruan eta hona datozen hizkuntza komunitate gutxituen ezagutzan. Izan ere, euskararen egoera gutxitua ez da kasu bakarra. Hizkuntza hegemonikoei aurre egiten dieten errealitate asko dago munduan.  

Euskararen biziberritze prozesua beste hizkuntza gutxitu batzuk sendotzeko ispilu modura ikusten dute aktibistek?
Bai. Garabide 2007an hasi zen proiektu hau lantzen, munduko hizkuntza komunitateetatik heldutako eskariei erantzun guran. Zelanbait esateko, hizkuntza gutxituen biziberritze lanen erreferente modura ikusten gaituzte euskaldunak. Hau da, gaur egun programa honetan esku hartzen duten hizkuntza gutxituak guk hemen orain 60 bat urte bizi izan genuen antzerako egoera batean murgilduta daude. Egoera larrian, galzorian. Eta, horrenbestez, hemen itxaropen bat ikusten dute gugan. Baina ez itxaropen utopiko bat, egingarria den biziberritze prozesu bat baino.   

Euskaldunak beste hizkuntza gutxituetako ispilu izateak presioa sortzen du? Ardura?
Bai. Presioa ez dakit, baina ardura eta erantzukizuna, bai. Horiek igartzen ditugu. Horregaitik ahalegintzen gara formakuntza programa hau mimo handiz antolatzen eta garatzen. Hori dela eta, euskara biziberritzeko prozesuan ditugun askotariko esperientziak erakusten dizkiegu, baina beti egiten diegu azpimarra ezaugarri batean: hemen hainbat esperientzia eta proiektu izan arren, dena ez dugu irabazita. Mezu hori helarazten diegu. Hemen ideiak hartu ditzaketela, ideia inspiragarriak, gero han bakoitzaren errealitateetan irtenbideak topatzeko. Umiltasunez eta gurea erakusteko borondate osoaz eskaintzen diegu laguntza. 

Zeintzuk dira haiekin partekatzen dituzuen esperientziak?
Esparru ugaritako esperientziak erakusten dizkiegu. Batetik, hizkuntza jabekuntzari loturikoak. Hezkuntza, helduen hezkuntza, hezkuntza ez-formala eta familia barruko transmisioa, adibidez. Bestetik, corpusari loturikoak partekatzen dizkiegu. Euskararen estandarizazioa, terminologia berriaren sorreragaz zelan jokatu eta halakoak. Azken atal bat erabilerarena da. Hor kulturgintzari loturikoak, komunikazio proiektuak zein lan eremuko esperientziak aletzen ditugu, besteak beste. Hori guzti hori saio teorikoen bitartez eta erakundeetara zein elkarteetara egindako bisiten bitartez lantzen dugu. Aipaturiko guztiaz gainera, partaide bakoitzak duen interes partikularrari erantzuten ahalegintzen gara.  

Zenbat kide etorri dira?
Aurtengo edizioan hamazortzi hizkuntza aktibista etorri dira. Hamahiru hizkuntza komunitatetatik etorritako hamazortzi ekintzaile dira. Programa ekainaren hasieran hasi genuen. Ekainetik uztailera bitartean, Internet bidezko ikastaroa egin genuen eurekin, oinarrizko jakintza batzuk partekatuta. Gero, uda ostean, irailaren 20an, aktibistak hona ailegatu ziren. Urriaren 31ra arte egongo dira gure artean. Askotariko komunitateak ekartzen ahalegintzen gara, eta urterik urtera jarraikortasun bat lortzen. 

Zein ilusio eta gogo pizten zaie aktibistei hona etorrita?
Oso gogotsu etortzen dira. Han daudela, Euskal Herriaren eta euskararen biziberritzeari buruzko oinarrizko jakintza bat izaten dute. Badute gure berri. Gero, behin hona etorrita, esperientzia bertatik bertara jasota, oso gogotsu egoten dira.

Zein da hizkuntza gutxituetako kideek haien komunitate linguistikoan bizi duten egoera?
Orokorrean, egoera larria bizi dute. Galzorian dauden hizkuntzak dira. Hemen orain 50-60 urte gertatu zen moduan, biziberritze prozesu bat hasi behar izan dute. Horrenbestez, hizkuntzaren ezagutza minimotan dago. Erabilera, are eta urriagoa da. Eta hemen egoera latz horren erretratu bat egiten ahalegintzen gara, diagnostiko bat, zeri aurre egin behar diogun aztertu eta horri erremedioa ipintzeko. Zorionez, euren hizkuntza komunitateetan kontzientzia bat hartzen eta haien hizkuntzak elikatzen hasi dira azkenaldian. Hizkuntzari kendutako prestigioa bueltatzeko bidea eta familia barruko transmisioa sendotzeko bidea hasi dute.  

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!