20 urteko jarduna binilo bikoitz batean bilduta

Aritz Maldonado 2024ko ira. 21a, 11:30

Borja Moronatti, Aritz Cordoba 'Txepetxa' eta Jon Arrinda.

Kaleko Soinuak Kaleak Astintzen kolektiboak Durangaldean 80ko eta 2000ko hamarkaden bitartean sorturiko musiken lekukotza batzen duen bilduma kaleratu du; domekan aurkeztuko dute, Abadiñoko Amaraun Arte Fabrikan, egun osoko jaian. MPB, Sklerosis, Martxoak 31 eta Perros del Diablo taldeek kontzertu laburrak eskainiko dituzte arratsaldean.

Ipurterreak izaeraz, kalera irtetea mugatuta zegoen garai batean ekin zioten Kaleko Soinuak Kaleak Astintzen kolektiboko kideek euren proiektu berriari: Durangaldeko azken hamarkadetako doinuak batzen dituen bilduma kaleratu gura zuten, biniloan. "Ia lau urteko lana izan da, baina merezi izan du", azaldu du Borja Moronatti kolektiboko kideak. Lehenengo, taldeen zerrenda egin zuten, eta gero, aukeraketa. "Taldeen atzetik ibiltzeak eman digu lanik gehien. Orokorrean, proiektuak oso harrera ona izan du, baina askok ganbarara jo behar izan dute grabazioen bila. Batez ere 80ko hamarkadetako taldeetako kideekin gertatu zaigu; askok ez zekiten non zeuzkaten gordeta grabazioak", gehitu du Aritz Cordoba 'Txepetxa'-k, barrez. "Los Lopez mitikoek, adibidez, argitaratu bako abesti bat sartu dute bilduman; Ostias Mil eta Street Girls taldeek zuzeneko grabazioak sartu dituzte, ez zeukatelako grabaziorik, pentsa. Denerik dago". Handik eta hemendik batuta, azkenean 29 abestitako binilo bikoitza kaleratu dute, 80ko, 90ko eta 2000ko hamarkadetako Durangaldeko taldeen uztagaz: Amonal, Poliputos, Hyssopus, Sklerosis, Dirties, Argamboys, Arto Bixarrak eta Disorders taldeek parte hartu dute abentura honetan. "Lan txukuna egin dugula uste dugu, hainbat garai eta doinu batu dugu, baina, funtsean, inguruko eszenaren lagin bat da hau", azpimarratu du Jon Arrindak. Punk, ska, hardcore eta rock doinuak daude bilduman, garai baten lekuko gisa. Hain zuzen ere, disko bikoitz hau hiru bolumenetako proiektu handiago baten lehenengo urratsa izan da. "Gure asmoa beste bolumen bi kaleratzea da. 80ko hamarkadan hasi, eta gaur egunera arteko soinuen bilduma izatea gura dugu", argitu dute. Horrela, dei egin dute proiekturako kontuan hartzea gura duten taldeek euren abesti eta informazioa kalekosoinuak@hotmail.com helbide elektronikora bidali dezaten.  

Anartz Aranguena tatuatzailea arduratu da bildumaren diseinuaz, eta Gorka Bidaurrazaga 'Potti' masterizazioaz. KSKAko kideek Pablo Run Togetherrek ekoizpen lanetan eman dien laguntasuna eskertu gura izan dute.   

KSKAko lagunek beste proiektu interesgarri bat ere ondu dute ikasturte hasiera honetarako. Kolektiboaren bosgarren urteurrena dela baliatuta, Garai Agro Brewery konpainiagaz batera IPA garagardo berezi bat ondu dute elkarlanean. "Aspaldiko lagunak ditugu, eta gu ere garagardozaleak izanda, proiektu polita iruditu zitzaigun, modurik onena urteurrena ospatzeko", gehitu du Moronattik.

Aurkezpen jaia, domekan
Bildumaren proiektua lan nekeza izan dela onartu dute, eta KSKAko kideek amaiera borobila eman gura diote. Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute domekarako. "Ia lau urte eman ditugu honetan buru-belarri lanean, eta lana borobiltzeko modurik onena jai bat egitea izango zela pentsatu genuen", azaldu du Arrindak. Eguerdian zabalduko dituzte ateak, 12:00etan, eta etxeko disko jartzaileek girotuko dute ekitaldia. Gero, proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte. 13:30ean, Abadiñora doazenek garagardo berria dastatuko dute, primizian, eta bazkaltzeko aukera ere egongo da.

Bestalde, arratsaldean kontzertuak egongo dira. "Bilduman parte hartu duten 29 taldeei eskaini genien revival txiki bat egiteko aukera, eta horietariko lau animatu dira kontzertu labur bana ematera", azaldu du 'Txepetxa'-k. "Taldekideetariko asko musika zirkuitutik kanpora daude gaur egun, baina, orokorrean, ederto erantzun dute, eta esandakoa, batzuk kontzertua ematera ere animatu dira!", gaineratu du. Zuzeneko emanaldiak 16:30 inguruan hasiko dira, eta sarrera hiru euro ordaindu behar da; sarrera guztiak salduko balira, bertaratzen direnek terrazan egoteko aukera edukiko lukete. Kolektiboko kideak gustura daude kontzertua Abadiñoko Amaraun Arte Fabrikan egingo dutelako, baina arantzatxoa sartuta dute ezin izan dutelako Durangon egin. "Lotsagarria da! Durangon ez dago aretorik, ez kontzertuak egiteko, ez ikusteko, ez antolatzeko. Sapuetxe eta Sorginola gaztetxeak eraitsi zituzten, eta Plateruena ere itxita balego legez... Gainera, zeozer antolatzeko udalari baimena eskatu diogunean, dena trabak izan dira", esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!