#0km

Durangaldeko dendariek kanpaina berri bat hasi dute elkarlanean: 'Ongi Etorri'

Ekaitz Herrera 2024ko ira. 18a, 10:51

Abadiñoko, Berrizko, Durangoko, Elorrioko eta Iurretako establezimenduetako sarreretan Ongi Etorri dioten moketak ipini dituzte, kaleetan zehar dabiltzan herritarrak dendetan sartzera gonbidatzeko. "Pertsona guztiak gonbidatu gura ditugu gure establezimenduetan sartzera. Ongietorriak direla eta konpromisorik barik sartu, begiratu eta uki dezaketela esan gura diegu", azaldu dute.

Durangaldeko merkatariek kanpaina berri bat hasi dute eskualdeko establezimenduetan tokiko kontsumoa sustatzeko. Urrutira joan barik edo produktuak urrutitik ekartzen ibili barik Durangaldeko udalerrietan denetarik eros daitekeela erakutsi gura dute. Berdin elikagaiak, arropa, jostailuak, etxetresnak, liburuak, altzariak, kosmetikoak zein altzariak. Hori dela eta establezimenduetako sarreretan Ongi Etorri dioten moketak ipini dituzte, kaleetan zehar dabiltzan herritarrak bertara sartzera gonbidatzeko. "Pertsona guztiak gonbidatu gura ditugu gure establezimenduetan sartzera. Ongietorriak direla eta konpromisorik barik sartu, begiratu eta uki dezaketela esan gura diegu", azaldu dute ohar bidez.

Honako hau dendariek elkarlanean hasitako kanpainaren lehenengo fasea da. Baina aurrerago bigarren fase bat hasiko dute, urriaren 1ean. Bertan, kanpainara batutako bost udalerrietako dendetan 2.500 euro irabazi ahal izateko aukera eskainiko dute. Dendariek azaldu dutenez, tamaina honetako zozketa bat antolatzen den lehenengo aldia da, diru kopuru hori pertsona bakar batek irabaziko du-eta.

Lankidetza eta batasuna

Ongi Etorri izeneko kanpaina hau Durangaldeko Elkarteen Foroaren fruitu da. Topagune hori 2022ko maiatzean sortu zuten eskualdeko elkarteetako ordezkariek, euren ezagutzak, esperientziak eta kezkak partekatzeko. Urte bereko gabonetan lehenengo kanpaina egin zuten, Dena Bertan esloganagaz.

Orain indarrean den kanpainara baturikoak Abadiñoko, Berrizko, Durangoko, Elorrioko eta Iurretako merkataritza eta ostalaritza elkarteak dira. Era berean, aipaturiko herrietako udalek parte hartzen dute kanpainan, eta baita Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!