"Zapatari lanean lasaitasuna aurkitu dut"

Anboto 2024ko ira. 8a, 11:40

Mikel Arzuaga (Durango, 1983) Donibane Garazira joan zen orain 12 urte. Irakaskuntzan lan egin du urte hauetan, orain hiru urte lanbidez aldatzea erabaki zuen arte. Azken 10 urtean Donibane Garaziko zapataria izan den Mixelen testigua hartu du.

Zerk eraman zaitu zapatari izatera?
Irakaskuntzan denerik egin dut, baina, hala ere, lan zaila dela iruditu zait beti, eta niretzat ez oso aproposa. Pandemia denboran ez nintzen irakasle izan. Orduan jaio zen hirugarren alaba, eta etxean egon nintzen beragaz, gogoetan. Bada, egun batez, zapatak konpontzera joan nintzen zapatariarengana. Larrua lantzen ikusi nuen, eta ofizioa galtzen ari zela-eta norbaitek segida hartzea gura lukeela esan zidan. Etxekoekin berba egin eta gero, hile bira zapatariarengana bueltatu eta ea erakusteko prest zegoen galdetun nion.

Berak erakutsi dizu ofizioa.
Bai. Bera orain 10 urte instalatu zen Garazin, eta beste inor ere ez da egon han lan hori egiten. Hiru urtez joan naiz ofizioa ikastera, nire denbora librean. Irakasle lanagaz uztartu dut. Zapatak egiteko formakuntza ere hartu dut. 

Zelan doa lana?
Nahiko motela naiz (barrez). Jendeak pazientzia behar du, baina pozik ei daude. Badut lana.

Oraindino badugu zapatak konpontzeko ohiturarik? 
Bai, hemen inguruan behintzat geroago eta gehiago. Hala ere, gaur egun zapatak oso merke erosi daitezke, eta ez daude konpontzeko eginda. Kalitate txarreko materialagaz eginda daude eta askotan ez du merezi konpontzerik. Nekeza da merkatuagaz leihatzea. Aberatsentzat kalitatezko oinetakoak konpondu ezean, ez da gainsoldatarik ateratzen. Dena dela, zerbitzua ematea pozgarria da bezeroarentzat, eta niretzat ere bai. Zapatari lanean lasaitasuna aurkitu dut.

Urruneko bezeroak dituzu. Galtzen dabilen ofizioa da zapatariarena?
Bai, gutxi gara. Mauletik, Larrainetik.. etorri zaizkit. Garai batean, Hazparnen, Maulen... oso garatuta zegoen zapatagintza, eta artisau haien lana berreskuratzeko, tokiko zapatak produzitzeko zeozer egitea posible ote den ikusi gura nuke, beste zapatari batzuekin elkarlanean eta luzera begira. Horretara bideratu gura nuke lanbidea. Horretarako, jendearen ohiturak aldatu beharko lirateke, hori ez da egun batetik bestera lortzen.

Bestelako osagarririk ere eramaten dizute konpontzeko?
Denerik. Maletaren erruberak edo metalezko eskumuturrekoak, adibidez. Mugikorrentzako zakuak ere eskatu dizkidate.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!