Arriaundi Egurrak taldea irabazle Trail Valle de Tenako ultratrailean

Anboto 2024ko abu. 31a, 20:00

Errelebo mistoetan irabazi dute, 78 kilometroko mendi lasterketan. Oihana Azkorbebeitia bigarren sailkatu da maratoian.

Panticosa herria (Huesca) mendiz inguratuta dago -mendi batzuk 3.000 metrotik gorakoak dira-, eta paraje ezin hobea da mendiko lasterketak egiteko. Horren erakusgarri da bertan antolatzen duten Trail Valle de Tena. Lau lasterketa dira guztira: 8K (78 km), 4K (42 km), 2K (20 km) eta 1K (12 km). Lasterketarik luzeena, 78 kilometro eta 6.670 metroko desnibel positiboa dituena, erreleboka egin daiteke, talde mistoan (3 korrikalari), eta proba honetan, 31 talderen artean, Durangaldeko talde bat nagusitu da: Arriaundi Egurrak. Euren denbora: 12.08.19.

Eguna zabaldu orduko hasi da proba, 05:00etan, eta Luken Zamakona otxandiarra izan da taldeko lehenengoa parte hartzen. Lukenek egin beharreko tartea, 25,6 kilometrokoa eta 2.480 metroko desnibel positibokoa. Bigarren postuan utzi dio lekukoa bigarren taldekideari, Markel anaiari, eta Markelek laster hartu du lasterketa burua, Garmo Negro (3.051 m) mendian gora. Markelek ibilbideko tarterik gogorrena egin du (30,4 km eta 2.845 metroko desnibel positibokoa). Lasterketako azken txanpa, tarterik bizkorrena -22km eta 1.345 metroko desnibel positibokoa-, Lierni Galarraga zegamarrak egin du. Tim Bernal taldea sailkatu da bigarren, ia ordu eta erdira (13.32.58), eta Korricolaris 19 taldea hirugarren (13.37.21).

Oihana Azkorbebeitiak bigarren egin du maratoian
Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak 4K proban (42 km) parte hartu du nesketan, eta bigarren postuan helmugaratu da, 7.24.16ko denbora eginda. Laura Labarta korrikalari aragoiarrak irabazi du proba (7.15.00) eta Leticia Bullido madrildarrak osatu du podiuma (7.32.13). Mutiletan,  Jon Ander Aranburu goierriarra izan da bizkorrena (6.06.40). 2K eta 1K lasterketak bihar jokatuko dira.


Argazkia: David Latorre

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!