"Harro gaude, egiten duguna gustura egiten dugulako"

Aritz Maldonado 2024ko uzt. 14a, 10:00

Alerta talde beteranoak 'Hartos de escuchar mentiras' lana kaleratu du, bere ibilbideko bosgarrena; taldeari zuzenean idatzita edo bere webgunean erosi daiteke diskoa.

27 urteren ondoren, Alerta taldeeak lehenengo eguneko ilusioagaz jarraitzen du lanean. 'Hartos de escuchar mentiras' diskoa kaleratu berritan, ANBOTOk Jabi Peñafiel abeslariagaz berba egin du.

Gogotsu zaudete jendeak abesti berriak entzuteko?

Bai. Egia esateko, argitaratzea nahikoa kostatu zaigun diskoa izan da. Dena atzeratu zaigu, grabatzerakoan konplikazio batzuk izan ditugulako. Pentsa, hasieran martxoan kaleratzea zen gure asmoa, baina arrazoi bategaitik edo besteagaitik atzeratzen joan da. Hala ere, azkenerako ondo irten zaigu, Abadiñoko Koba Live jaialdian ekainean eman genuen kontzertuagaz kaleratu dugulako. Denbora askoan egon gara lanean, oso gogotsu geunden kaleratzeko, eta azkenerako lortu dugu.

Doinu aldetik, metal ikutuko hardcorea egiten jarraitzen duzue. Erosoen zaudeten estiloa da?

Oraintxe bertan, bai. Azken finean, gorputzak momentuan eskatzen diguna egiten dugu, betetzen gaituena. Metal eta hardcore hori egiten jarraitzen badugu, horregaitik da, horixe delako gustuko duguna. Ez gara egiten denaren edo modan dagoenaren arabera lan egiten duen talde bat. Ez dugu pentsatzen "hau eginez gero edo horra biratuz gero jarraitzaile gehiago izango ditugu". Normalean, gorputzak eskatzen diguna konposatzen dugu. Komertzialagoak izateari garrantzia emango bagenio ez genuke metala edo hardcorea egingo. Harro eta pozik gaude, egiten duguna gustura egiten dugulako, eta horregaitik jarraitzen diogu bide horri.

"Oso gogotsu geunden kaleratzeko, eta azkenerako lortu dugu" 

 

Orain ere zuen kabuz egin duzue grabazioa.

Gaur egun diskoak grabatzea lehen baino errazagoa da, baliabideak eskurago daudelako. Orain urte batzuk, ordenagailu, soinu txartel eta programa informatikoetan inbertitzea erabaki genuen, lokalean grabatu ahal izateko. Ordutik, autoekoizpenerako pausoak eman ditugu, eta aldekoak eta kontrakoak dituen prozesua dela iruditzen zaigu. Denboran luzatu egiten zara, adibidez, ez duzulako orduka ordaindu behar duzun estudioko presio hori, baina zuk gura duzun denbora eskaini diezaiokezu. Taldeak bilatzen duen soinu horretara gehiago hurbildu zaitezke, beraz. Nahasketak eta masterra kanpoan egitera bidaltzen ditugu, hori bai. Azken disko biak horrela egin ditugu; JFT Produccionesegaz errepikatu dugu, aurrekoa ere eurekin egin genuelako.  

Iñakiren lehenengo grabazioa izan da. Zelan egokitu da taldera?

Grabatzen hastera gindoazenean heldu zen Iñaki. Gure gustura egiten utzi zigun, prozesua arintze aldera. Musikari eta pertsona itzela da, erraztasunak baino ez dizkiguna eman. Zorte ona izan dugula uste dugu, ez delako erraza izaten horrelako pertsonak topatzea; oso ondo moldatu da beste lauron musikara. Ekarpen handia egiten du, gazteagoa da eta freskura hori ere ematen digu. Oso pozik gaude beragaz. Elkar ondo ezagutzea da hainbeste urtean elkarregaz egoteko gakoetariko bat. Badakigu gutariko bakoitzak nondik joko duen, eta horretara ohitu beharra dago. Oso prozesu erraza izan da. 

Kontzertu sorta bat ere eman duzue.

Diskoa lehenago kaleratzeko asmoa genuen, eta, hortaz, lotuta genituen kontzertuei eustea erabaki genuen, diskoa kaleratu barik egon arren. Horrela, lan berriko abesti berri batzuk entzunda bueltatu ziren entzuleak etxera. Ez da erraza oreka topatzea abesti berrien eta klasikoen artean. Koba Liven aurkeztu genuen diskoa, baina gu ez ginen eguneko protagonistak, eta, beraz, tarteko zeozer eskaintzea erabaki genuen, aurrerapen batzuekin. Uda osteko kontzertuetan, disko berriaren presentzia nabariagoa izango da.

"Azken urteetan gure proiektua kanpora eramaten ahalegintzen gabiltza"

 

Kontzertu asko duzue lotuta uda osterako?

Oraindino bakarra publikatu dugu, baina lotuta gehiago ditugu. Bizkaian, Katalunian, Kantabriako jaialdi batean egongo gara... eta beste batzuk guztiz lotu barik ditugu, baina ezin dizut gehiago aurreratu. 

25. urteurreneko biragaz kontzertu dezente eman duzue.

Lehenengo hamabost urteetan, gutxi gorabehera, oso gutxi irten ginen Euskal Herritik, hainbat arrazoigaitik. Hemen inguruan programaziorako aukera asko zegoen, gaztetxeek topera funtzionatzen zuten, eta ez geneukan beharrizan berezirik irteteko. Baina azken urteetan ahalegin berezia egiten gabiltza gure proiektua kanpora eramateko, eta batez ere penintsulako iparraldean nahikoa kontzertu eman dugu. Eta jendearen erantzuna oso ona izan da. Zortea izan dugu irten garenetan, gehienetan sentsazio onekin bueltatu gara eta. Egon da baten bat ez duena ondo funtzionatu, baina, egia esanda, sentsazioa ona izan da, eta horrek animatu egiten zaitu irtetera edo urrunago joatera. Aurreko biran, Lleidan, Pontevedran eta Madrilen izan gara eta gure ibilbideko kontzerturik onenetarikoak izan dira. Hemendik kanpora joaten garenetan, emaitza oraindino hobea dela esan genezake. Baliteke hemen orain modan beste musika bat dagoelako izatea, edo gaztelaniaz abesten dugulako, edo talde eta kontzertu eskaintza handia dagoelako, baina hortik joaten garenetan erantzuna itzela izaten da, bai. Lau urte daramatzagu Santanderrera segidan joaten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!