"Bost zentimetroko untzeak topatu ditugu. Itzelak. Eta hainbat lekutan, Bizipistaren norabide bietan. Lau bat egon dira eremu batean, eta beste hainbat topatu dugu aurrerago". Elorrioko txirrindulari batek halantxik kontatu dio bere begiekin ikusi eta bizitakoa ANBOTOri. Txirrindulariak Elorriotik Galdakaora arteko bidea egin du goiz honetan, Iurreta eta Zornotza lotzen dituen Bizipista erabilita. "Lagun batekin geldituta nengoen. Lagunak Galdakaotik irten du honantz, eta nik, aldiz, Elorriotik harantz. Bidean elkar topo egingo genuela erabaki dugu, handik bizikletan nora joan erabakitzeko. Eta hara non, Bizipistatik aurrera nindoala laguna bizikleta konpontzen topatu dudan", azaldu du.
Bideoan ageri direnak moduko untzeak topatu dituzte txirrindularientzako bidegorriaren norabide bietan. Lauaxeta ikastetxearen inguruko eremuan topatu dituzte. "Oraingo honetan, gutariko batek gurpila zulatu du. Zorionez, ez da ezbeharrik gertatu. Baina istripu bat izan bagenu?", galdetu du txirrindulari elorriarrak. Untzeak bidetik erretiratu eta bazterrera bota dituzte. Gaineratu duenez, "sarri" ikusi dute zikinkeria Bizipistan, "baina lehenengo aldia izan da horrelako zerbait ikusi duguna".
Kexak adierazten hasita, honako hau ere eskatu du elorriarrak: Bizipistak Iurretako Lidl supermerkatuaren parean duen bihurguneetako batean ispilu bat ipintzea. "Eremuak ez du ikuspegirik eskaintzen. Ibiltariak joan ohi dira, umeekin, txakurrekin, txakurrak solte edo kate luzean lotuta. Astiro-astiro joan arren, arriskua egon daiteke".