Oraingoz, hamabost emanaldi dituzte lotuta udarako. Durangaldean, Zaldibarren, Berrizen, Zornotzan, Durangon eta Elorrion plazaratuko dute 'Lanean Jarraitu 75'. Leioako Umore Azokan egin zuten estreinaldia, maiatzean, eta udako emanaldietarako prestatzen dabiltza orain. ANBOTOk Rodriguezegaz berba egin du.
'Lanean Jarraitu 75'. Nondik dator ideia?
Erretiroaren adinaren inguruko hausnarketa bat izan zen antzezlanaren abiapuntua. Gai hori jorratzen hasi eta hauxe da irten zaiguna. Gaia planteatzerakoan, gero ideiak botatzen hasten gara, eta hortik ateratzen dena entsegu eta inprobisazioetan hasten da finkatzen gero. Erretiroaren adinaren inguruko gaia, baina, aitzikia legez hartu dugu populismoaren inguruan berba egiteko. Populismoari eta Europan hazi diren populismo faxista horiei guztiei buruz berba egiten dugu. Esango nuke horixe dela ardatza.
Umorera jotzen duzue beti, baina kritika soziala ere oso presente dago zuen lanetan. Gaur egun bizi diren egoerekin, baduzue non inspiratu.
Ba, bai. Gure ikuskizun guztietan kritika soziala sartzen ahalegintzen gara, beti ere umorearen bitartez. Horren eraginez, hautsak harrotzen dira, baina beti uste izan dugu mezua errazago heltzen zaiola umorearen bitartez publikoari, modu erosoago batean. Azken finean, hobe da informazio bat txisteren baten bitartez helaraztea, besterik barik, testu baten bitartez barik. Eta gai sozialek beti dute gaurkotasuna, beti dira jorratu beharrekoak. Antzerkia barruak astintzeko eta kontzientzia sortzeko erreminta bat dela uste dugu.
Leioako Umore Azokan estreinatu zenuten. Zelako harrera izan zuen?
Leioako Umore Azokan estreinatu genuen, bai, eta oso ondo joan zen. Publikoak harrera bikaina egin zion. Pena emanaldi bakarra egin genuela; izan ere, bigarrena bertan behera geratu zen, euriagaitik. Horixe du kaleak, eguraldiak baldintzatu egiten duela. Baina, bueno, jaialdiak beti bermatzen du behintzat emanaldi bat salbatzea. Barikuan euria egin zuenez, zapatuan kiroldegi bat zabaldu ziguten. Ez zen aukerarik aproposena, testua oinarrizkoa delako gure lanetan, baita musika ere, eta horrelako lekuetan oihartzuna sortzen denez ez zen lekurik aproposena, baina aurrera atera ahal izan genuen, behintzat. Emanaldia oso ondo egon zen eta, esan dudan moduan, harrera ona egin ziguten, eta, beraz, pozik gaude.
Zenbait antzezlanen emanaldiak tartekatzen dituzue. Profesionalki aritzeko beharrezkoa da horrela ibiltzea?
Ikuskizun baten sorkuntza prozesua amaitu orduko beste lan berri bat izaten dugu buruan, eta orain artean urte birik behin estreinatu izan dugu lan berria. 2017an sortu zen konpainia, eta hiru ikuskizun genituen sortuta. Merkatuak deitzen badigu, guk plazaratu egiten ditugu. Kale gorrian, adibidez, 2017an sortu genuen, eta oraindino egiten ditugu emanaldiak. Jendeak gustura ikusten du, funtzionatzen du, eta, beraz, etekina atera behar zaie ikuskizun guztiei, antzerkiaren munduan beti gaudelako krisian (barrez). Badaude konpainiak hamar urte baino gehiagoko antzezlanak dituztenak eta jada ez dituztenak taularatzen; baina hori ez da gure kasua, oraingoz behintzat. Lehenengo ikuskizun bietarako deitzen digute, eta horiek egiten jarraitzen dugu. Horrela, uda ere betetzen zoaz. Guk Euskal Herrian egiten ditugu emanaldirik gehienak. Espainiara ez gara asko irteten, jorratzen dugun gaiengaitik alde batetik, eta Espainian kontratazioa nahiko ahula delako bestetik. Gure merkatua Euskal Herria da eta uda bakarrean zirkuitu osoa eginez publikoa nekatzeko aukera ere hor dago.
2017an sortu zenuten Bar Santi. Estilo propioa garatu duzuela iruditzen zait. Horrela sentitzen duzue zuek ere?
Politikoki Juanjo eta biok alde berean gaudela esango nuke, eta, alde horretatik, umorea egiteko orduan oso ondo konektatzen dugu. Oso ondo pasatzen dugu eta, azken finean, horixe da gure helburua. Egiteko modu propio bat dugu, inongo putzutan sartzen ez den antzerki zuri horretatik aldentzen ahalegintzen dena. Gure ikuskizunetan nahiko basatiak izaten ahalegintzen gara, oso ironikoak. Lagun artean esaten diren astakeriak eta jendaurrean isiltzen diren kontuak sartzen ahalegintzen gara. Ez dut uste mugarik ipini behar zaionik adierazpenari, eta, alde horretatik, gure estiloa nahiko definituta dugu. Oso konpainia makarra garela esango nuke.