maskotak

“Txakurrak bere beharrizanak ditu eta jendeak kontziente izan behar du horretaz”

Ekaitz Herrera 2024ko eka. 21a, 09:30

Aitziber Agirrek 20 urte daramatza Neberondo egoitzan txakurrak zaintzen.

Oporretara doazen herritarren txakurrak, zereginen bategaitik zaintzarako tarterik ez duten herritarren txakurrak... Aitziber Agirre albaitariak txakurrak zaintzen dizkie momenturen batean arrazoi bategaitik edo besteagaitik animalia zaintzeko aukerarik ez duten herritarrei. Esan duenez, aurten "topera" dabil. Irailera arte ez dauka txakur gehiago zaintzeko lekurik.

Hamabost urtetik beherako ume baino txakur gehiago dago Durangaldean. Datuak harritzen zaitu?

Bai eta ez. Nik errealitate biak bizi ditut, eta ez dut bata bestea barik ulertzen. Txakurrak egundoko laguntza eskaintzen du. Txiki-txikitatik izan ditut txakurrak. Gogoan dut amak galdetzen zidala ea bakarrik joan behar nuen mendira. Ezetz esaten nion, txakurragaz nindoala. Txakurrik barik noanean, zeozeren falta igartzen dut. Bestalde, iruditzen zait halako konfort egoera batera heldu garela. Badirudi jendeak ez duela ardurarik gura. Umeak exijentzia gehiago du txakur baten aldean.

Erosotasuna egon daiteke honen guztiaren atzean?

Txakurrak ordu batzuetako ardura eskatzen dizu. Paseatzera atera behar duzu, jaten eman behar diozu. Baina behin horiek eginda, nahikoa libre egon zaitezke. Ez dituzu behar umeak eskatzen dituen ordu guztiak. Eskolako ordutegiak direla, eskolatik kanpoko ekintzak, asteburuetako kirol partiduak...  beste askatasun bat duzu zure lagunekin egoteko edo planak nahieran egiteko. Berdin-berdin lo egiteko. Nire iritziz, hor egon daitezke arrazoiak. Jendeak kontziente izan behar du txakurrak bere beharrizanak dituela. Mundu guztiak ez du zertan txakurra eduki. Edozelan ere, txakurra gura baduzu, ondo pentsatu behar duzu zein txakur mota egokitzen den zure bizimodura eta zure etxera. Bestalde, iruditzen zait txakurrak humanizatzeko joera zabaldu dela. Txakurragaz elkarrizketa luzeak izatea, eta izarapean edo mantapean lo egitera ohitzea, adibidez, ez da oso zentzuzkoa. Pertsona batzuei ez zaie gustatzen hau entzutea, baina argi izan behar dugu txakurra animalia dela eta senaz baliatzen dela. 

"Txakurra gura baduzu, ondo pentsatu behar duzu zein txakur mota egokitzen den zure bizimodura eta zure etxera"

Hona txakurra uztera etortzen diren bezeroen artean igartzen dituzu halakoak?

Hona datorren jende gehienaren bizitzan, txakurra funtsezko elementua da. Badira ardura gutxiagoz bizi dutenak egoera, baina salbuespena dira. Normalean, hona datorren jendea oso ondo antolatuta egoten da. Gainera, udaren batean txakurra zaintzeko lekurik barik geratu denak hurrengo udan lehenago jotzen du gugana, berriro lekurik barik ez geratzeko. 

Hogei urte daramatzazue txakurrak zaintzen. Igarri duzue gorakadarik lanean?

Txakur kopurua handia da eta ezin diegu denei arreta eman. Txakur kopurua igo egin dela hona datozen txakurretan igarri dut, eta baita kalean ere. Durangoko kaleetan bazabiltza, parkeetan txakurrak ikusiko dituzu umeak baino gehiago. Gainera, familia bakoitzean, txakur bat barik bi egon daitezke. Txakur bat edo bi izan, gauzak ez dira hainbeste aldatzen. Biak aterako dituzu, biei emango diezu jaten aldi berean. Baina ume bat ala bi izan, ardurak gehiago dira esponentzialki.

Eta zelan datorkizue bertan dugun uda sasoia?

Bete-beterik gaude. Abuztuko egonaldiak, adibidez, orain hilabete eta erdi bete genituen. Abuztua zoramena izaten da. Eta uztaila ere antzera baten. Azken urteotan gorakada handia igarri dugu uztailerako egonaldietan. Orain ekainean gaude eta jadanik oporretan daudenen txakurrak ditugu hemen.

"Jende askok uste du txakurra makila jaurtitzeko eta arineketa batean ekartzeko jolas horretan nekatzen dela gehien, baina ez da horrela. Horrek antsietatea sortzen dio txakurrari"

Zelako zerbitzua eskaintzen diezue txakurrei?

Norbere txakurra gainerako txakurrekin solte egotea da hemen eskaintzen dugun aukera nagusietariko bat. Hemen egun osoko aktibitatea dute, eta txakurrek igarri egiten dute hori. Nekatu egiten dira, fisikoki eta mentalki. Jende askok uste du txakurra makila jaurtitzeko eta arineketa batean ekartzeko jolas horretan nekatzen dela gehien, baina ez da horrela. Horrek antsietatea sortzen dio txakurrari. Usaimenak nekarazten du benetan txakurra, eta hemen ingurune aproposa dute horretarako. Usaimenaren bitartez, txakurrak pinabururen bat edo makilaren bat topatuko du, beste txakurren batek ezkutaturikoa akaso, edo besteren batek aurretik gorderiko pilota bat edo dena delako zeozer.

Paseatzera ateratzen dituzue? Jaten ematen diezue?

Bai, jakina. Zerbitzu osoa eskaintzen dugu. Solte ibiltzen dira, Larrinagatxu edo San Andres aldera eramaten ditugu, eta jaten ere ematen diegu. Badira egunpasa egitera ekartzen dituzten txakurrak. Jabeek goizean ekarri eta arratsaldean eramaten dituzte. Eta gero badira egonaldia hemen egiten dutenak. Bakoitzak bere tokitxoa izaten du jateko eta lo egiteko. Jolastu, denak elkarregaz jolasten dira. Jan eta lo, ostera, bakoitzak bere lekuan. 

Zenbat txakur hartu ditzakezue hemen aldi berean?

64 txakurrentzako tokia daukagu, baina uda bueltako sasoiren batean 100 txakur ere izan ditugu inoiz. Udak duen alde ona da jenderik gehiena kanpotik dabilela eta mendi inguru hauek guretzat direla.

Irudikatzen duzu txakurrik bako bizitzarik?

Ez. Txiki-txikitatik izan ditut. Gure seme-alabak txakur artean jaio dira eta esango nuke bizi osoan izango ditudala inguruan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!