#0km

"Tokiko komertzioen gertutasuna ematen dugu; horixe da gure balioa"

Aitziber Basauri 2024ko eka. 16a, 12:00

Ibilbide luzea egin ondoren, hainbat tokiko komertziok pertsiana jaitsi dute Durangaldean; neurri batean, errelebo faltagaitik. Beñat Granados eta Marijo Gorrotxategi txanponaren beste aldean daude. Marijok aitak sorturiko negozioa eraman du ahizpagaz azken 45 urtean. Orain, erreleboa eman dio Beñati. Iaz hasi zuten trantsizioa.

Beñat, mahastizaintzarako aholkulari teknikoa izanda, zelan erabaki duzu Gorrotxategitarren negozioa hartzea?

Beñat Granados: Mahastizaintzarako kanpo-aholkulari lez jarduteko bulego baten bila nenbilela, Gorrotxategi ahizpak erretiroa hartzekotan zirela jakin nuen, eta lan biak uztartzeko aukera ikusi nuen: aholkulari lana eta  negozioaren gidaritza. Profesionalki mahastizaintzan jardun arren, nekazaritzan graduatua naiz eta lehen sektoreagaz zerikusia duen guztiagaz eroso sentitzen naiz. Durangon bizitzea eta familia bat osatzea izan dira nire apustua. Gertu mahastiak eta mahastizainak daude, eta baita ortulariak eta nekazaritza zaletasun dugunok ere.

Ia 60 urteko ibilbidea duen negozioa hartu duzu. Erronka handia da.

B.G.: Betiko denda tradizional bat oraingo zirkunstantzietara egokitzea izan da erronka nagusia. Negozioa, lan administratiboa digitalizatzea, hortxe dago erronka.

Zein da zure helburua?

B.G.: Denda gehiago ezagutaraztea. Bezero fidelak ditugu, eta pozik daude erreleboa hartu dudalako. Baina bezero berriak erakartzea dugu helburu. Marijok bere esperientziagaz, eta nik berarengandik ikasitakoagaz eta nire ezagutzagaz, bezeroari aholkurik onena ematen diogu. Tokiko komertzioen gertutasuna eskaintzen dugu. Horixe da gure balioa.

Marijo, aitaren lekukoa hartu zenuen Inma ahizpagaz batera.

M.G.: Bai. 14-15 urtegaz hasi ginen dendan aitari laguntzen. 45 bat urte egin ditugu dendan lanean. 

Orain erreleboa eman diozue Beñati.

M.G.: Bai. Modu naturalean erabaki genuen negozioa uztea. Eta oso pozik gaude, jarraipena duela ikusten dugulako. Pena eman dit aitak negozioak aurrera egingo duela ez ikusteak, poz itzela ematen zioneta negozioa martxan ikusteak, jendeagaz ikusteak. Urtebete jarraituko dut Beñategaz, akordio hori dugu. Lan egiteko era desberdina dugu, tirabira gutxi batzuk ere bai baina... disfrutatu egiten dut dendan.

Zein sentsaziogaz zoaz?

M.G.: Lan asko egin arren, oso ondo joan zaigun sentsazioa dut. Oso urte onak hartu ditugu, ezin naiz kexatu. Ordu asko sartu behar dira, horixe du komertzioak. Batez ere, udaberrian eta udan dugu lana. Etxean baino denbora gehiago egin dugu dendan. Erretiratu eta gero, gauza txikiez disfrutatuko dut.

Beñat, zer hartu behar da kontuan mahasti bat edo ortu bat lantzeko?

B.G.: Lan egitea. Produktu on bat lortzeko, lan egin behar da, horrexegaitik azpimarratu gura dugu bertako ekoizleen lana. Ornamentaziorako loreak zein orturako landareak gertuko haztegietatik ekartzen ditugu, eta inguruko ekoizleen tokiko eta sasoiko produktuak saltzen ditugu (patatak, arrautzak, eztia, tomatea...). Abereentzako pentsua eta janaria ere saltzen ditugu, eta baita substratuak, botikak eta ongarriak ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!