[BIDEOA] “Txapelketa Durangon zela esan zidatenean asko poztu nintzen. Horrelako plazak behar ditugu"

Anboto 2024ko eka. 14a, 15:00

Zapatuan Euskadiko lasto-altxatze eta txinga-eroate txapelketak egingo dituzte Durangon, eta hantxe arituko da Otxandion bizi den Ruth Linaza Beobide lemoarra. Hogei bat urte daramatza herri kiroletan. Gasteizko Badaiotz sokatira taldeagaz makina bat domina irabazi du munduko txapelketan eta herri kiroletan. Lasto-altxatzen ez ezik, beste modalitate askotan ere aritu da, arraskastaz aritu ere: zaku-eroaten, trontzan, txinga-eroaten… Barrundiako kiroldegian elkarrizketatu dugu, entrenamendu saio baten atarian.

Ba ote dago probatu ez duzun herri kirolik?
Harri-jasotzea eta aizkoran, eta gutxi gehiago! Begira, Badaiotz sokatiran da espezialista batez ere, eta sokatirak bidaia asko du atzetik. Hori finantzatzeko iturri modura bestelako herri kirol erakustaldiak egiten ditugu, Iparraldeko Jokoak batez ere. Otxandion egondakoak gara, esaterako. Nik sei bat urte daramatzat modalitate honetan.

Zeintzuk dira lasto-altxatzearen berezitasunak?
Oso kirol esplosiboa da, denbora laburrean egiten dena. Kirol konpletoa da. Hanka eta beso indartsuak behar dira, eta hauspoa funtsezkoa da. Hausporik barik galduta zaude. Gainera, oso kirol teknikoa da, lehenengo begiratuan dirudien baino teknikoagoa. Denbora gutxian gauza asko egin behar da, eta zehaztasuna eskatzen du.

Orain hamaika hilabete ama izan zinen. Otsaileko munduko sokatira txapelketan bueltatu zinen plazetara, eta orain Durangoko hitzorduaren atarian zaude. Kostatu egin zaizu sasoiko egotea berriro?
Bai, asko. Gorputza lehengora bueltatzea asko kostatzen da. Badut indarra, baina erresistentzia hobetzea lan nekeza da. Gero, kirola, lana eta amatasuna kontziliatzea ere ez da erraza. 

Zer helburu duzu Euskadiko txapelketan?
Nire helburua lan txukuna eta duina egitea da. Orain sei bat urte lasto-altxatzen hasi nintzeneko lana egiten badut, pozik egongo naiz.

Lau emakume arituko zarete lehian. Dauden denak zarete?
Bi ginen lehen, eta lau gara orain. Zoritxarrez, orain Araban baino ez daude lastoa altxatzen dutenak. Plazarik plaza eramanda, ikusgarritasuna ematen diogu modalitate honi. Apurka geroago eta emakume gehiago dabil herri kiroletan. Adibiderik garbiena pentatloia da. Bizkaian, Nafarroan… badaude herri kirolak sustatzeko lanean dabiltzan elkarteak. Nafarroan, umetatik gainera; asko lantzen dute harrobia. Gero, herri kirolak plazetara zabaltzea da gakoa. Umeek ereduak behar dituzte.

Durangoko plazari zer deritzozu?
Durangon izango zela esan zidatenean asko poztu nintzen. Aukera bikaina da kirola ezagutarazteko. Non eta Ezkurdi plazan, gainera! Herri kirolak horrelako plazak behar ditu. Bertatik pasatzen den edonork ikusteko modukoak. Eta geratzen denari igual gustatuko zaio edo harrituta geratuko da, eta bere inguruko jendeari komentatuko dio. 

Herri kirolen artean, zeini diozu kariñorik handiena? Sokatirari beharbada?
Lasto-altxatzea eta trontza oso gustuko ditut. Sokatiran baino lehenago hasi nintzen trontzan. Bikote bateko trontzalari bat lesionatu zenean, ea probatuko nuen galdetu eta baietz erantzun nuen. Gogoan ditut lehenengo entrenamendu haiek, sekulako beroagaz. Baina Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketak irabaztea lortu genuen. Gerora, haurdun nengoela, Euskal Herriko txapela irabazi nuen eta hori ere oso momentu berezia izan zen niretzat. Gainera, Nafarroako bikoteari irabaztea itzela izan zen, teknikoki bikainak direlako. Oso ondo prestatuta joan ginen. Laster bueltatuko naiz plazetara trontzan. Lehenengo trontza mistoan, Mungian. Ondoren, Euskal Herriko txapelketa etorriko da. 

Sokatiraren moduko talde kirola ala lasto-altxatzearen moduko bakarkako lana duzu gurago?
Talde kirola dut gurago. Lasto-altxatzea kirol indibiduala da, baina taldean jokatzen dugu, bata bestea animatzen ibiltzen gara eta. Eta sarritan altxaldi bat gehiago egiten duzu, animoengaitik. Zapatuan irabazten badut, sano poztuko naiz, baina beste edonork irabazita ere asko poztuko naiz. 

Hogei bat urte daramatzazu herri kiroletan. Topatu duzu trabarik?
Herri kirola oso mundu matxista izan da. Emakumeengan sinestu duen jende gutxi egon da. Sokatirako adibide bat ipiniko dizut. Emakumezko talde gutxi dagoenez, gizonekin batera aritu izan gara. Ba gu 45 minutu itxaroten ere egon gara tiralditik tiraldira. Goma bi baino ez zeudenez, gizonen tiraldien hutsuneetan sartzen gintuzten. Urte askoan egon gara horren kontra borrokan. Zorionez, aurrerapausoak eman dira eta egoera hobetzea lortu dugu. Nik ez diet gizonei euren tokia kendu gura, baina neure tokia eduki gura dut. Merezi dugula uste dut. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!