Durangoko Ezkurdi plazak Euskadiko lasto-altxatze eta txinga-eroate txapelketak hartuko ditu zapatuan

Anboto 2024ko eka. 13a, 12:00

Lasto altxaketa saio bateko irudia.

Euskadiko kirolari onenak batuko dira gizonetan nahiz emakumeetan.

Zapatuan Euskadiko lasto-altxatze eta txinga-eroate txapelketak izango dira Durangoko Ezkurdi plazan, 19:00etan. Beraz, gura duten guztientzat zabalik dagoen ikuskizuna da.

Lasto-altxatzen lau emakume arituko dira txapelaren bila: Ruth Linaza (Otxandio), Sara Asenjo (Aulesti), Lorea Fernandez de Barrena (Barrundia) eta txapela janzteko faboritoa den Garbiñe Lopez de Uralde (Barrundia). 30 kiloko lasto-fardoagaz minutu biko lana egin beharko dute.

Gizonezkoen kasuan, zazpi parte hartzaile daude: Beñat Amade (Getxo), Eder Lopez de Abetxuko (Agurain), Jon Loiola (Dima), Eder Saez de Ocariz (Barrundia), Oier Gonzalez (Maeztu), Jon Lapazaran (Araba) eta Mikel Gonzalez (Araba). Kasu honetan, 45 kiloko lasto-fardoagaz arituko dira, minutu biko lanean. Altxaldirik gehien egiten dutenek jantziko dute txapela.

Txinga-eroate txapelketa

Txinga-eroaten hiru emakume —Ainize Perez (Ea), Sara Jimenez de Aberasturi (Gasteiz) eta Iranzu Urra (Larragoa)— eta zortzi gizonezko lehiatuko dira Ezkurdi plazan: Cristian Gomez (Araba), Kerman Perez de Heredia (Maeztu), Jon Beobide (Gasteiz), Adrian Latxa (Maeztu), Pablo Alvarez (Berango), Josu Magallón (Berriozar), Imanol Martin (Iruñea) eta Andoni Zubiaurre (Mutriku). 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!