[ARGAZKI GALERIA]: “Inork ere zapaldu ez duen leku bat topatzeak bete egiten zaitu”

Ekaitz Herrera 2024ko eka. 3a, 10:00

Iker Solana abadiñarrak eta Unai Arakistain 'Troti' elorriarrak Hiru Erregeen Mahaiaren azpiko kobazulo sisteman igaroko dute abuztuko lehenengo hamabostaldia, egun eta gau.

Opor sasoian udalekuetara doan nerabearen, Lanzarotera doan familiaren edo kanpin batera doan lagun kuadrillaren moduan, GEMA espeleologia taldeko kide bi hauek euren oporralditxoa prestatzen dabiltza. Hiru Erregeen Mahaiaren azpiko kobazulo sisteman barneratuko dira hamabost bat egunez, egun eta gau, hango tuneletan bide berriak ikertu eta dokumentazio zientifikoa jasotzeko. Euskal Espeleologoen Elkargoak koordinaturiko espedizioa da.

Zein da espedizioaren helburua?
Unai Arakistain: Larrako inguru karstiko horretan kobazuloak topatu, esploratu eta topografiatu egiten ditugu. Ikerketa zientifiko bat da, eta halantxik izan behar du, eremu babestua denez arlo zientifikoa ikertzea delako bertan espeleologia egin ahal izateko aukera bakarra. Lan hau urtero-urtero egiten dugu eta egindako aurrerapenak publikatzen joaten gara. Kartografia, hidrografia, animaliei buruzko ikerketak... Funtsean, hango lur azpia aztertzea da gure lana.
Iker Solana: Lanean gabiltzan kanpaina honetan 14 urteko lana dago eginda, baina hango inguruko arakatzeak lehenagokoak dira, joan zen mendekoak. 70eko eta 80ko hamarkadetan jende asko ibili zen han paraje hura aztertzen.
U.A.: 1983an eta 1985ean, munduko kobazulorik handienak Larra inguru horretan topatu zituzten. Guk Budogia mendiaren bueltako BU-56 eremua ikertzen dugu, Illaminako ateak izenagaz ezagutzen den eremua. Bertako tunelak 1.340 metroko sakoneraraino heltzen dira. 

Eta behin han barneratzen zaretela, zelakoa da zuen bizimodua?
I.S.: Kanpaina honek planifikazio lan handia izaten du. Gero, egonaldia hamabost egunekoa da. Koordinatzaileak lantaldeak prestatzen ditu kobazuloetara sartzeko, eta, momentu honetan, aurretiaz prestaturiko lau bibak edo akanpaleku moduko ditugu tuneletan. Hara zoazenean, badakizu bost bat egunetarako sartuko zarela barrura, eta bibak zehatz batera joatea dagokizula lantalde jakin bategaz. Kanpoan, gainazalean, beste lantalde bat egoten da logistikan laguntzen.  
U.A.: Bibak horiek muntatuta uzten ditugu urterik urtera, lan gehiegi delako desmuntatzen ibili beharra, izugarria. Eta hara inor joaten ez denez, bibakak bertan uzten ditugu. Mendi tontor batera zoazenean, mendian gora zoaz, eta tontorrera ailegaturikoan ez dago nora gehiago igo. Hemen ez, hemen beti gura izaten duzu sakonago joan, edo tunel batetik harago beste koba bat ote dagoen jakin. Geroago eta kilometro gehiago aztertu gura duzunez, bibak horien bitartez antolatzen zara.  

Zelakoa izaten da zuen lan zientifikoa kobazuloetan?
I.S.: Ahalik eta modurik efizienteenean lan egiten ahalegintzen gara. Prestaketa lanetan denbora asko inbertitzen dugu. Helburua zulo berri bat topatzea izan daiteke, zerbait berria esploratzea, zulagailu bat hartuta eskailera bat atontzea edo txarto edo hondatuta dauden soka batzuk aldatzea, bidea konpontzea.
U.A.: Atzetik sartuko den lantaldeari dena prest uztea edo hari garraio lanak egitea izan daiteke beste lan bat. Hamabost eguneko kanpaina da, baina, bakoitzaren gorabeheren arabera, egonaldia laburragoa ere izan daiteke. Ni, adibidez, ume txiki baten aita naiz, eta aurtengo kanpainan hiru-lau eguneko egonaldia egingo dut. Beste batzuek, beharbada, sei egun egingo dituzte barruan, gero bi kanpoan, eta beste sei barruan. Inportanteena era efizientean lan egitea da. 

Eta behin lanak amaituta, zelakoa da egunerokotasuna lur azpian?
U.A.: Esplorazio lanaren azken muturrera bazoaz, kobazuloaren ertzeraino, sei egunetarako joango zara. Lehenengo eguneko helburua bibak horretara ailegatzea da. Hau da, oihal berezi batzuekin egindako kanpaleku moduko batera heltzea. Guk Kursaal Txiki deitzen diogu. Bertan sukaldea duzu, sua eta bonbona dituena berotzeko eta jateko. Izan ere, han barruan hotz handia egiten du eta oso leku hezea da. Kobazuloetan, lurrazalean urte osoan dagoen tenperaturaren batez bestekoa egoten da. Larrako kasuan, ia 2.000 metrora dagoen eremuan, batez besteko hori bost gradukoa izan daiteke. Hezetasuna beti da %100ekoa. Goizean, jaiki eta gero, armozatu eta lanean hasten gara. Zortzitik hamabi ordura bitarteko jardunaldiak egiten ditugu. Gero, bueltan, sikatu, zeozer jan eta edan, eta deskantsatu egiten dugu hurrengo egunerako. Horrelakoak izaten dira egunak.
I.S.: Beste atal inportante bat komunikazioa da. Lur azpitik lurrazalean daudenekin komunikatzen gara, harrien bitartez transmititzen den seinale bat eginda. Batez ere, behean gaudenok ondo gaudela adierazteko. Edo goian daudenek ekaitz bolada bat eta ura etorri daitezkeela abisatzeko barruan daudenei. Koordinaziorako era bat da, norbera irteten denean beste batzuk sartu ahal izateko.

Deskribatuko zenukete hango barrukoa?
U.A.: Harria, lupetza eta ura. Horixe dago han. Erreka bat da oinarria, kanpoan egin duen euriaren arabera emari gehiago edo gutxiago duena. Gero, errekaren bueltako zuloak daude, eta hor gehiago edo gutxiago aldenduko zara errekatik, segun eta eremuak zein forma duen. Dakiguna da kobazulo barruko errekako urak Kakuetan (Santa Grazi, Zuberoa) irteten direla gainazalera. Izan ere, urak tindatu egin zituzten behin, eta horri eskerrak jakin zuten errekak Kakuetan duela irtenbidea. 

Eta han barruan lotan zaudetenean, isiltasunean, zer entzuten da?
I.S.: Uraren soinua. Azken finean, bibaka errekatik gertu ipintzen dugu, handik ura hartzeko.  
U.A.: Ura, eta zure ondoan lo dagoenaren zurrungak! (barrez) 

Sarritan entzungo zenuten honako hau: "Joan egin behar da gero horra! Zertara, baina?"
U.A.: Amamak beti esaten zigun hau: Pagau baeutsuen ez zinien sartuko!

Eta, hala ere, zergaitik hara barrura sartzen ibili?
I.S.: Iruditzen zait gauza ezezagunak edo zer topatuko duzun ez jakite horrek bultzatzen gaituela horretara. Eta baita planoan datu berri bat gehitzeak ere, ekarpen bat egiteak.
U.A.: Gizakiak, sortu zenetik, bere barruan daukan esploratzeko grina edo jakin-min horren ondorio dela esango nuke. Eta esplorazio horretarako ez duzu Nepalera joaten ibili beharrik. Hor duzu, gertu. Durangaldean ere baduzu. Inork ere zapaldu ez duen leku bat topatzeak bete egiten zaitu, horren bila zoaz. 

Zein izaten da ikerlanaren emaitza?
I.S.: Batetik, planora kilometro berriak gehitzea. Bestalde, tenperatura neurketak eta animaliaren bati buruzko daturen bat gehitzeko lanak daude.
U.A.: 80ko hamarkadan 14 kilometro zeuden esploratuta. Gaur egun 37 dira. Horixe da adar guztien batura. Ikerlanaren beste atal inportante bat ondo pasatzea da. Izan ere, gure oporrak dira. Ondo pasatzera zoaz, eta lagun artean gustura egon gura duzu.

Eta hori guzti hori Karaitza argitalpenean jasotzen duzue.
U.A.: Karaitza Euskal Espeleologia Elkarteak kaleratzen duen aldizkaria da. Iberiar penintsulan espeleologiari buruz kaleratzen den paperezko argitalpen bakarra. Euskal Herriko lanez gainera, kanpoko batzuk ere jasotzen ditu. Ikerlanak eta espeleologiari buruzko albisteak kaleratzen dira bertan. Egundoko tresna da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!