Antzerkizaleek hitzordu bi dituzte Durangaldean La Zaranda konpainia ezagunagaz; lehenengoa gaur, Zornotzan, eta bigarrena zapatuan, Durangon. Espainiako konpainia urtetsuak La batalla de los ausentes antzeztuko du, intolerantziaren aurkako eta duintasunaren aldeko satira politikoa, bere ibilbide luzeko hamazazpigarren ekoizpena. Inork gogoratzen ez duen gerra batean aritu ziren hiru lagun dira protagonistak: Gaspar Campuzano, Enrique Bustos eta Francisco Sanchez. "Antzezlana borroka baten metafora da, porrotaren edertasuna, eta porrotean ere hortzimuga galtzen ez duten horien istorioa", azaldu dute konpainiako kideek.
Lau hamarkadako ibilbidea
Bere antzerki ibilbideari ekin zionetik, La Zaranda antzerki taldeak lau hamarkada baino gehiago egin ditu martxan. Konpainiak hizkuntza propioa garatu du urteotan, eta, memoriaren aldeko aldarria egiteaz gainera, hausnarketarako gonbita egiten dute euren antzezlanetan. Horrela, lau kontinentetan antzeztu dute, eta 30 herrialde baino gehiagotan egon dira. 1978tik Paco de La Zaranda (Paco Sanchez aktoreak zuzendari lez erabiltzen duen ezizena) izan da konpainiako zuzendaria, eta 2010ean Espainiako Antzerki Sari Nazionala jaso zuen. La batalla de los ausentes antzezlana Eusebio Calongek zuzendu du; 1985tik da La Zarandako kide, eta bere testuak nazioarteko hainbat konpainiak erabili dituzte.