Silvia Triguerosek Trail de las Pastoras de Portudera maratoia irabazi du

Anboto 2024ko api. 6a, 19:31
Silvia Trigueros eta Ana Aguirre, lehenengo eta bigarren, hurrenez hurren, maratoiko podiumean.

Ana Aguirre korrikalari mallabitarra bigarren sailkatu da. 26 kilometroko proba laburragoan Oihana Azkorbebeitia abadiñarra bigarren helmugaratu da.

Asturiasko Arenas de Cabrales herrian mendiko lau lasterketa jokatu dira gaur, Trail de las Pastoras de Portudera probaren barruan. 42 kilometroko lasterketan, maratoian, Silvia Trigueros korrikalari abadiñarra nagusitu da nesketan (6.51.57). Ana Aguirre mallabitarrak egin du bigarren (7.07.54), eta Anna Mengualek hirugarren (7.10.35).

Bestalde, 26 kilometroko trailean, Oihana Azkorbebeitia abadiñarra bigarren sailkatu da nesketan (4.08.13), Sarah Ugarteren atzetik (3.56.49). Carolina Niñok osatu du podiuma (4.44.15). Beste lasterketa bi ere egin dira, 13 eta 8 kilometrokoak.

Los Urrieles mendi taldeak antolatzen ditu lasterketok. Aspaldi emakume artzainek Europako Mendietan ganadua gobernatzeko zabalduriko bideetatik zehar egiten dituzte urtero proba hauek, eta emakume horien omenez ipini zioten izena probari: Trail de las Pastoras de Portudera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!