"Lasterketa baten atzean jende askoren lana dago jokoan eta ezin duzu hutsik egin"

Joseba Derteano 2024ko mar. 17a, 10:30

Iñaki Solagaistuak txirrindularitzako epaile batek egin ditzakeen lan guztiak egin ditu, dela motoan lasterketa jarraitzen, dela helmugan denborak hartzen, dela dopin kontrola egiten… Espezialitate guztietan aritu da: errepidean, ziklo-krosean nahiz pistan. Bizkaiko eta Euskadiko epaileen batzordeko presidente ere izana da, bederatzi eta lau urtez, hurrenez hurren. 66 urte ditu eta 70 urte izan arte jarraitu dezake. Helmugara heldu gura luke Abadiñon bizi den iurretarrak.

Nondik datorkizu epaile izateko afizioa?
Bizikleta zalea naiz, betidanik. Iaz, esaterako, 3.600 bat kilometro egin nituen bizikletan. Gaztetan Duranguesagaz lehiatu nintzen, afizionatuen mailara arte. Marino Lejarretaren kintakoa naiz. Nire beste anaia biak ere txirrindulari izanikoak dira. Hirurok izan dugu afizioa. Hogeitaka urtegaz hasi nintzen epaile, txirrindularitza utzi eta gero. Zergaitik? Afizioagaitik eta mundu honetan jarraitzeagaitik. 

Landa-lana eta bulegokoa, biak probatu dituzu. Zein duzu gurago?
Diferenteak dira. Bulegokoan erantzukizun handiagoa dago, eta batzar asko. Nire ustez, landa-lanak ematen dizuna berezia da. Esaterako, motoan txirrindularien ondo-ondoan joatea esperientzia ederra da. Gainera, zaleekin eta txirrindulariekin hartu-emana izateko aukera ematen dizu.  

Baduzu lasterketa kutunik?
Toki askotan aritu naiz epaile, Euskal Herrian nahiz kanpoan; Tarragonan, Leridan, Kantabrian kasu, eta gusturen Bizkaiko lasterketetan sentitu naiz. Lagun asko egin dut. Joan naizen herrira joan naizela, oso ondo hartu naute beti. 

Futboleko epaileen inbidia zarete.
Gure lanak ez du futbolekoagaz zerikusirik. Gu oharkabeago pasatzen gara. Futboleko epailea zelaian egoten da, denen begi bistan. Gainera, txirrindularitzan errespetu handia dago epaileekiko; baita zaleen euren artean ere. Txirrindulari guztien familiak elkarren lagun egiten dira. "Zure semeak edo alabak ura behar duela? Bada, neuk emango diot". 

Garai bakoitzeko txirrindularirik onenen epaile izan zara.
Gorospe anaiak, Pedro Delgado, Miguel Indurain, Igor Astarloa… asko. Behin, Lance Armstrongek parte hartu zuen lasterketa bateko epaile izan nintzen. Bizkaiko Biran izan zen, 1992an, Armstrong afizionatua zela. AEBetako selekzioagaz etorri zen. Bartzelonako Joko Olinpikoen urtea zen eta Bizkaiko Bira hilabete lehenago zenez, hona etorri ziren, Joko Olinpikoak prestatzera. Gogoan dut lasterketa bat irabazi zuela. 

Ziklo-krosean edo errepidean, asko aldatzen da epaile lana?
Ziklo-krosa ikaragarri gustatzen zait. Bizkaian, ziklo-kroseko lasterketarik gehienetan aritu naiz. Ziklo-krosa batuagoa da; txirrindulariak, zaleak… denak bertan daude eta giro berezia sortzen da. 

Zein da epaile modura hartu behar izan duzun erabakirik gatxena?
Epaile biguna izan naiz, dena esan beharra dago (barrez). Aurretik abisuak emanda, osteko zigorrak ekiditen ahalegindu naiz. Nire ustez, erabakirik gogorrenak kanporatzeak dira. Behin, ni parte nintzen epaile taldeari gertatu zitzaigun. Treneko hesiak jaitsita zeudela, ihesaldi bateko txirrindulariak hesi azpitik pasatu ziren. Epaileok batu, araudia aztertu, eta kanporatu egin genituen. Urte dezente joan dira harrezkero. 

Eguraldi txarra egiten duenean epaile lanetan aritzea ere ez da erraza. Gogoan dut Berrizko ziklo-kros bat, orain urte gutxi. Haize zakarra zebilen. "Hau bertan behera utzi beharra dago", esaten zidaten batzuek. Baina gauzak ez dira hain errazak. Beste epaileekin batu nintzen lehenengo, eta antolatzaileekin ondoren. Antolatzaileek pisu handia dute. Azkenean, haizea apur bat baretu zen eta aurrera jarraitu genuen. Emakumeen Opena laburtu egin behar izan genuen. Itzuli bat gutxiago egin zuten. Abadiñoko beste ziklo-kros proba bat ere badut gogoan. Itzuli biren faltan, lasterketa bertan behera utzi genuen. 

Zein lasterketa edo Itzulitan gustatuko litzaizuke aritzea?
Frantziako Tourrean, esaterako. Vueltan ere ez naiz aritu. Orain urte batzuk, Vueltan aritzeko aukera izan nezakeen, baina, egia esanda, ez zait gustatzen egun askoan etxetik kanpora egotea. Itzulia bera luze egiten zait. 

Txirrindularitzako epaileen lana gutxietsita dago?
Ez dakit. Dakidana da konpromisoa eskatzen duela. Nik beste ogibide bat izan dut, baina hantxe egon naiz asteburuetan, zegokion herrian, euria, haizea zein elurra egin. Lasterketa baten atzean jende askoren lana dago eta ezin duzu hutsik egin.

Dopin kontrolak egiten ere aritu zara.
Bai. Lasterketako tentsioagaitik-edo, txiza egin ezinik egoten dira batzuetan. Lau orduan zain egonikoa naiz. Lasterketa ordu batean amaitu, eta bostetan oraindino begira. Litro eta erdiko ur botila bi edanda ere, alperrik. Inoiz txirrindulariak dutxan ere sartu ditugu, ea uragaz txizagurea sartzen zitzaien. 

Zeintzuk dira zure hurrengo probak?
Berriatuako proba, Laukizkoa, Zornotzakoa eta Itzulia dira hurrengoak. Asteburu bat ere ez daukat libre. Baina, tira, etxera bueltan paseo bat emanda deskonektatzen dut. 

Beste ezer gehitu gura duzu?
Bizikletariontzat bidegorri gehiago egiteko eskatu gura diet udalei. 


Iñaki Solagaistua eta Mikel Landa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!