Furgoneta lapurtu diotela salatzera joan, eta atxilotua bera izaten bukatu

Anboto 2024ko mar. 8a, 13:19

Ertzaintzak pertsona bana atxilotu du Zornotzan eta Durangon. Lehenengoa, pakete-banatzaile baten furgoneta lapurtzea egotzita. Bigarren atxilotua banatzailea bera izan da. Agenteek drogaz beteriko 19 zakutxo topatu zituen bere furgonetan. 

Atxiloketak atzo egin zituzten, arratsaldeko 16:30ak aldera. Durangoko komisaldegiko patruilek banaketa lanetan zebilen gidari baten abisua jaso zuten, paketez beteta zeukan furgoneta lapurtu ziotela esanda. Poliziak handik gutxira topatu zituen furgoneta eta ustezko lapurra, Zornotzako Tejera auzoan. Han hartu zuten atxilo. 

Gero, furgonetaren miaketan, ertzainek "gramo bateko plastikozko 19 bilgarri, ustez kokaina zutenak, aurkitu zituzten gordetegian". Horrez gainera, 200 euro eta telefono mugikor bat ere topatu zituzten. Ikerketaren arabera, ebidentziok ez ziren ustez furgoneta lapurtu zuenarenak; banatzailearenak baino. Pakete banatzaileak berak aitortu zien ertzainei, topaturiko substantziak, dirua eta telefonoa bereak zirela. Agenteek banatzailea atxilotu zuten droga trafikoa leporatuta.

Atxilotu biak Durangoko epaitegira eraman dituzte gaur. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!