“Oso gogoko dut neure lana, jendeagaz dudan hartu-emana, batez ere"

Aitziber Basauri 2024ko mar. 3a, 10:00

Durangoko Etxebarria liburu eta paper denda familia negozioa da. Prentsa eta aldizkariak saltzen dituen laugarren belaunaldikoa da Eva Etxebarria (Abadiño, 1971). Birraititak, Eleuterio Etxebarriak, Abadiñon zabaldu zuen prentsa eta aldizkariak saltzeko denda, joan zen mendeko 40ko hamarkadan. Eta denda hartan hazitakoa da Enrique Etxebarria (Abadiño, 1944), amak dendaren ardura hartu ondoren. Enrique eta Eva aita-alabak elkartu dira solasaldirako.

Eva, gaur ere goizean goiz hasi zara.
Eva Etxeberria: Bai. Aste barruan 04:45ean jaikitzen naiz, denda 05:45ean zabaltzeko. Asteburuetan 06:30ean zabaltzen dut. Baina pozik jaikitzen naiz. Asko gustatzen zait goizean goiz ibiltzea; ordu txiki horietako lana oso lasaia da. Oso gogoko dut neure lana, jendeagaz dudan hartu-emana, batez ere. Horixe du denda txiki batek. Arratsaldean geroago sartzen naiz,18:00 aldera. Asteburuan jai hartzen dut, baina neuk zabaltzen dut beti.

Familiako hainbat belaunaldi aritu zarete prentsa saltzen.
Enrique Etxebarria: Bai. Gure amak aititaren lekukoa hartu zuen Abadiñoko dendan. Orduak ematen nituen han amagaz, berak eroaten zuen denda. Gero, emazteak eta biok hartu genuen. Emazteak gehiago, nik galdategian lan egiten nuen eta. Garai batean, postari ere ibili nintzen Abadiñon. 
Eva: Laugarren belaunaldikoa naiz ni. Garai batean, hiru denda eroaten genituen. Hiru neba-arreba gara, eta, gugan pentsatuz, aitak bigarren liburu denda bat zabaldu zuen Durangon. Eta hirugarren bat gero. Iaz 25 urte bete ziren azken hori zabaldu genuela. Zabalik dagoen bakarra da.

Kontsumo ohiturak aldatu dira.
Enrique: Asko aldatu da dena, bai.
Eva: Gaur egun Internet bidez kontsumitzen da asko, prentsa ere bai. Garai batean, aldizkari mordoa egoten zen. Eta bezeroekin hartu-emana hotzagoa da, orokorrean. Bestalde, lehen salmenta puntu gutxiago zegoen; gatxa zen prentsa eta aldizkariak saltzeko baimena lortzea. Gaur egungo egoerak ez du zerikusirik lehengoagaz. Baita komisio bat ordainduta ogiagaz egiten den banaketari dagokionez ere. Lehia ez da lehengoa bezain garbia. Gainera, lehen, kalean bertan, tabernetan, irakurtzen zen asko. Orain, tabernen erdiek baino gehiagok ez dute prentsarik; batzuek harpidetu eta Internet bidez irakurtzeko aukera ematen diete bezeroei.

Prentsaz gainera, beste hainbat gauza saltzen duzue.
Eva: Garai bakoitzera egokitu behar izan dugu, baina paper denda da batez ere: prentsa, aldizkariak, jolas didaktikoak, eskola-bulego materiala, liburuak... Abadiñon, amak drogeria gauzak ere saltzen zituen, eta litxarreriak... Denerik, janaria izan ezik.

Paperak eutsiko dio aro digitalari?
Eva: Bai. Papera garestitu egingo da, produkzioa jaitsi egin delako, baina ez da desagertuko. Herrialde batzuetan, digitala utzi eta paperera bueltatu dira. Bada, baliteke paperak berriro ere indarra hartzea.

Zelan ikusten duzu etorkizuna?
Eva: Jubilatu arte lanean jarraituko dut. Gustuko dut lana, baina ez da bosgarren belaunaldirik egongo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!