Genozidioaren aurkako adierazpenak onartu dituzte Durangon eta Otxandion

Anboto 2024ko ots. 9a, 12:19

Durangoko eta Otxandioko udalek adierazpen instituzional bana kaleratu dute palestinarren kontrako genozidioa salatu eta elkartasuna adierazteko.

Durangon, testu instituzional bat adostu dute EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta Herriaren Eskubideak. "Durangoko bonbardaketaren herria gara, eta badakigu zer gertatzen den hegazkinetatik hirietara, jendearengana, bonbak jaurtitzen direnean. Gatazka armatuek eta mehatxupean bizitzeko beldurrak zer suposatzen duten ere badakigu. Biztanleria zibila, inoiz helburu militar izan ezin dena, blokeatuta dago orain urte batzuetatik, mundu osoko aire zabaleko kartzelarik handiena deitzen duten horretan. Ezin gara isilik egon genozidio honetan; presazkoa da su etena behartzea", adierazi dute. 

Otxandion ere, antzera. Bertako udalak herritar talde batek helarazitako adierazpena onartu zuen udalbatzan. Adierazpenean dozena bat puntu jaso zituzten. Adibide legez, honako hauek: "Otxandioko Udalak erasoak berehala gelditzeko eskatzen du, eta Israelgo armada Palestinatik guztiz erretiratzeko. Palestinaren subiranotasunerako eskubide osoa eta lurralde-osotasuna guztiz babesten eta errespetatzen ditu" eta "Otxandioko Udalak bat egiten du Israeli boikot ekonomikoa egiteko deialdiagaz, eta konpromisoa hartzen du Israelgo jatorria duten produkturik ez erosteko edo haiei kontrataziorik ez egiteko". Arrazoi horiek guztiak direla eta, Otxandioko eta Durangoko udaletxeetako balkoietan Palestinako bandera ipintzeko erabakia hartu dute udal biek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!