Urtebete Fitz Roy mendiko tragediak Durango eta Urnieta astindu zituenetik

Anboto 2024ko urt. 19a, 12:14

Iker Bilbao durangarra eta Amaia Agirre urnietarra elur jausi batek harrapatu zituen menditik jaisten zebiltzala.

Urtebete igaro da zorigaiztoko berri txar batek Durangaldea eta Buruntzaldea astindu zituenetik. Iker Bilbao alpinista durangarra eta Amaia Agirre eskalatzaile urnietarra Argentina eta Txile arteko Fitz Roy mendian desagertu ziren elur jausi batek harrapatuta. Mendizaleek Afanasieff izeneko bidea eskalatu zuten Josu Linaza eskalatzaile igorreztarrarekin batera. Beherakoan, baina, ezbeharra izan zuten. Mendia rappel eginda jaitsi eta haitzak atzean uzten zebiltzala, elur jausi batek Bilbao eta Agirre harrapatu zituen. Erauntsiak mendi arrakala baten azpialdera bultzatu zituen mendizale biak. Linaza onik irten zen ezbeharretik. Berak eman zuen larrialdi abisua.  

Iker Bilbaok 29 urte zituen. Suhiltzailea zen Laudioko Aiara parkean (Araba). Urte askoan ibili zen eskaladan. Euskadiko mendi federazioko eta Durangoko Ourdaybi elkarteko kidea zen. Ezbeharra gertatu berritan, Durangoko eta Abadiñoko Udalek atsekabea eta babesa adierazi zieten elur jausian harrapatuta geldituriko mendizale bien familia eta gertukoei. Izan ere durangarra zen Bilbao, baina Abadiñon bizi zen. 

Amaia Agirre gogoan izan dute Buruntzaldean

Nieves Gil eta Lucia Guichot mendizaleek Fitz Royko Supercanaleta bidea igo dute berriki, Amaia Agirreren omenez. Eskalatzaile biak Agirreren taldekideak ziren Espainiako Mendi Federazioko alpinista taldean. Aiurri hedabideko kideek Gil eta Guichot elkarrizketatu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!