“Bidea jaitsita elkarri besarkatu ginen, eta Amaia ere gurekin zela sentitu genuen”

Andoni Urbistondo (Aiurri) 2024ko urt. 19a, 09:44

Urtebete da Amaia Agirre alpinista urnietarra Patagoniako Fitz Roy mendian hil zela, eta bere omenez Supercanaleta bidea igo dute Nieves Gil eta Lucia Guichot mendizaleek. Amaia Agirreren kideak ziren Espainiako Mendi Federazioko alpinista taldean.

Ostiral honetan beteko da lehen urtea. Urnieta astindu zuten berriak iritsi ziren Argentinako Patagoniatik, Fitz Roy mendi magaletik. Elur jausi batek harrapatuta desagertu ziren Amaia Agirre herriko alaba eta Iker Bilbao durangarra. Aste batzuk atzera, 2023ko udazken bukaeran, Espainiako Mendi Federazioko Emakume Alpinisten taldean Amaiaren kide izandako bi lagunek Supercanaleta bidea osatu dute munduko hormatzar ederrenetako batean (3.405 metro). Hechokoa da Nieves Gil (Huesca), eta madrildarra Lucia Guichot. Fitz Royn bizitako momentu hunkigarriak gogoratu dituzte Aiurri-rentzat.   

Nolatan aukeratu zenuten Fitz Roy mendia, eta Supercanaleta bidea?

Nieves Gil: Bat-batean sortutako asmoa izan zen, ez aurrez pentsatutakoa. Halaxe sortu zen, eta halaxe joan ginen hara. Fitz Royk motibazio sentimental handia dauka guretzat, bertan Amaia lagun mina hil zelako iaz, eta horrek eman zigun azken bultzadatxoa. Kosta zitzaigun erabakia hartzea, Amaiari gertatutakoa gogoan, baina aurrera egin genuen.

Lucia Guichot: Garbi genuen Chalten aldera joango ginela, eta han erabaki ze bideri ekin. Toki magikoa da hura, eta Supercanaleta guk daukagun mailara egokitzen da, ondo moldatzen da gure dohainetara. Amaiaren oroitzapena beti egon zen presente gugan. Espedizio bukaerako bidaian Amaiarekin egon ginen elkarrekin Nepalen, eta Fitz Roy horman saiatzea berezia zen guretzat.

Zein oroitzapen duzue Amaia gogoan?

N.G.: Nahi edo gustuko zuen bizimodua zeraman. Bere zoriontasuna lehenetsi zuen, eta hori bidaiatuz eta eskaladaren bitartez lortzen zuen, duin bizitzeko behar zuen lan orduak bakarrik eginez. Lagun on-ona zen, oso gertukoa.

L.G.: Oso pertsona sentikorra zen, irekia, sortzailea, eta, batez ere, oso gertukoa. Elkarri masajeak ematen pasatzen genuen denbora asko, eta horrek harremana sendotzen du. Heriotzak hain gertutik kolpatzen nauen lehen aldia da, niretzat, eta hausnarketa sakona eragin du nigan. Momentua bizi zalea zen, gaurkoa gaur eta biharkoa bihar. Etortzen zena hartu eta aurrera. Lan finko eta bizitza eroso bat edukitzeko aukera izan zuen, baina horri uko egin eta unean uneko zoriontasuna lehenetsi zuen beti.

Supercanaleta bidea osatu eta jaitsi ostean une hunkigarriak bizi zenituzten…

N.G.: Hala da. Italiarren arrakalatik jaitsi ginen, eta Amaia eta Iker hil ziren gunera iritsi ginen. Oso une hunkigarria izan zen, baina berezia eta polita ere bai. Elkarri besarkatu ginen, eta fisikoki bi baginen ere, hiru geundela sentitu genuen biok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!