Baina diskoa ez da Izarok egunotan eskainiko duen nobedade bakarra. Abenduaren 8an, 30 minutuko ikus-entzunezko obra aurkeztuko du Irudienean, 13:00etan; Cerodenero-ren aurkezpen multimedia izango da. Bertan, mallabitarrak bideoklip tradizionala, filmazio-prozesuaren errealitatea, performancea eta zuzenekoa uztartzen ditu. Lan berriko abestiak eta honen iruditegia batzen ditu.
Izaro Andres "indarberrituta" bueltatu da, "aro berri bati" hasiera emateko prest. "Aurreko bira oso luzea izan zen eta beharrezkoa nuen atseden bat hartuta nator", azaldu du abeslari mallabitarrak. "Engranaje osoa zeroan ipini eta hamarkada berri bati aurre egitea izan da. Aurten 30 urte egingo ditut eta hau Izaro 3.0 bat ere bada neurri batean, terapiara joan dena eta bere traumatxoak bere lekuan ipintzen ahalegintzen dabilena", nabarmendu du. Diskoa kontzeptuala da eta "mendi bat igotzeagaz" alderatu du. Intentsoa eta emozioz betea, pop, folk, eta doinu elektronikoak uztartzen ditu. "Niretzat norberak bere mendia igotzearen modukoa da. Igo mendi horretara, yetia ikusi, itzuli eta kontatu ikusi duzuna; abentura moduko bat. Azken bi-hiru urte terapeutiko hauetako bidaiatik bueltan, kaiera bat egin nuen, famatu egiten hasi eta orain arteko esperientziekin", esan du.
Aurretik, Donostian bizi den abeslari mallabitarrak Om (2016), Eason (2018) eta Limones en invierno (2020) lan arrakastatsuak kaleratu ditu. Arrakasta horren erakusle, besteak beste, Donostiako belodromoan iaz 6.000 lagun batu izana dago. "Une horretan, gainera, kontzertu hori sendaketa bat izan zen. Belodromora joan ziren 6.000 lagun horiengan baino gehiago, arreta albo batera utzi ninduenengan jartzen nuen; hor arakatzen nebilen. Lana hartu dut ni entzuten nautenengan maitasuna eta denbora jartzeko. Horrela, belodromokoa mugarria izan da nire osasun mentalerako. Nori abesten diodan konturatzeko balio izan zidan", argitu du abeslariak. Bestalde, mallabitarra pozik dago Durangoko Azokara lan berriagaz datorrelako. "Itzela da. Diziplina desberdinetako zure artistarik gogokoenekin egon ahal izatea ahalbidetzen du, bost egunez, leku bakarrean. Oso ondo dago, benetan berba egin dezakezulako. Komunitatea sortzeko ere oso baliagarria da, eta beste modu bat da artistak ezagutzeko. Esango nuke hartu-eman dezente dugula gure artean ere, baina ia ez dugu koinziditzen, biran egoten garelako. Durangon ordu asko partekatzen dugu, eta hori ondo dago".
Bira urtarriletik aurrera
Mallabitarrak 2024an ekingo dio lan berriaren zuzeneko aurkezpenari. Iragarri dituen datetan ere ikusten da dena emateko prest bueltatu dela. Urtarrilaren 2an Bilboko Euskaldunan emango du lehenengo kontzertua, eta, horren ondoren, Donostiako Kursaalean (birritan), Gasteizko Principal antzokian eta Iruñeko Baluarten arituko da. Horrez gainera, Bartzelonan (Apolo) eta Sevillan ere emango ditu kontzertuak.
Beraz, mallabitarra gogotsu dago kontzertuetara bueltatzeko. Hala ere, erronka handia izango du aurretik. Aurreko biran 116 kontzertu eman zituen, eta horri neurria hartzea gustatuko litzaioke. "Ez da erraza errepideko bizitza eta norbere buruaren zaintza uztartzea. Begira Miley Cirus-i. Bira gehiagorik egingo ez duela esan du. Nire bira bat edo bere bira bat ezin dira alderatu, jakina, baina bira bat egitea neuretzat ere oso nekeza da. Lo gutxi egiten duzu eta ia ez zaude etxean. Urduri ere egoten zara, kontzertuak dituzulako. Oreka bat topatu behar da. Hori bai, nire alde, lantalde ederra dudala. Leku guztietara elkarregaz joaten gara, eta horrela errazagoa da", nabarmendu du.