“Etorri Azokara gauza berriak deskubritzera eta kuxkuxeatzera”

Jone Guenetxea 2023ko abe. 1a, 13:50

(Argazkia: Ainhoa Iraola)

Azokak duen lan ikusezinaren atzean, Josu Perez Arribas (Elorrio, 2003), Iune Ruiz Tagle (Berriz, 1999) eta Oihane Alava Bernaola (Durango, 2002) dabiltza beste batzuen artean. Atzerako kontaketa martxan da eta Gerediagako bulegoan igartzen dira ilusioa eta urduritasuna.

Zelan doa Azoka hasteko atzera kontaketa?
Josu Perez: Igartzen da lan kopurua igo egin dela, baina jendea gogotsu ikusten dut.
Iune Ruiz: Parte hartzaileengan ere gogoa sumatzen da, eta bulegokoon artean ere bai. Lehen ez zegoen atmosfera bat dago, ikusten dugulako Azoka heltzen dabilela.
Oihane Alava: Askok idazten digutenean horixe esaten digute, Azoka heltzeko gogoa dutela.

Azokaren antolaketan zabiltzaten lehenengo aldia da?
I.R.: Hiruron lehenengo azoka da, bai. Nik neuk kuriositatea daukat zelan joango den jakiteko.

Orain arte kanpotik ikusi duzue Azoka, baina aurten barrutik ere bai. Imajinatzen zenuten hainbeste gauza antolatu beharko zenutela?
J.P.: Banekien gauza asko zeudena Azokan, baina horri egitarauko ekitaldi guztiak gehitu behar zaizkio. Gauza mordoa antolatu da.
I.R.: Lan asko izango zela imajinatzen nuen, baina ez hainbeste jende beharko zenik Azoka egiteko. Banekien Azoka handia zena, baina hainbeste jende horren atzean egotea, askotan aurpegiak ipintzen ez dizkiegunak, ez nuen espero. Barruan egonda, eskertzekoa da jende horregaz guztiagaz hartu-emana izatea.
O.A.: Gauza bakar bat antolatzeko, jende askogaz berba egin behar da, elkarlanean. Ikusten duzu ekitaldi bakoitzaren atzean talde oso bat dagoela.

Zuetariko bakoitza zein arlotan dabil lanean?
J.P.: Ni neu webgunean, egitarauan eta playlista osatzen nabil batez ere. Ezagutzen ez nituen talde eta artista asko deskubritzeko aukera izan dudalako gustatzen zait, batez ere, lan hau. Gatxa da horrelako taldeak beste leku batzuetan ezagutzea. Talde txikiak dira, baina oso onak. Musika arloan aniztasun handia dago. Punk eta rock talde asko dago. Baina, baladak jotzen dituztenak ere bai. Elektronikaren mix asko dago, baita autotuneagaz ere. Nahasketa asko dago. Web orrian eta Spotifyn playlista dago eta jendea hor barruan arakatzera animatzen dut.
I.R.: Batez ere standen antolaketan nabil. Horrek lan handia ematen du. Ahalegintzen gara denei ahalik eta aukerarik onena ematen, eta, horretarako, sortu daitezkeen ilarak kontuan hartu behar dira musikaren plazan. Landako Gunea oso handia da, baina geroago eta parte hartzaile gehiago dago, eta jende asko mugitzen duten artistak daude. Azken hauek izkinaren batean ipintzen ahalegintzen gara, jende-ilarak hobeto bideratzeko. Hala ere, hain oihartzun handia ez dutenei ere aukera polit bat ematen ahalegintzen gara, eta uste dut aurten igarriko dela hori. Txoko antzeko bat ematen ahalegindu gara eszena beretsuan mugitzen diren artistak batuta. Eta giro polita sortuko dela uste dut. Bestalde, nobedadeen argitalpenen katalogoagaz ere ibili naiz. Beraz, ordenagailuaren aurrean telefonoa eskuan dudala lan egin dut. Hartu-eman zuzena izan dugu argitaletxeekin, diskoetxeekin eta artistekin.
O.A.: Nire kasuan, Ikasle Goizaz eta azalen lehiaketagaz arduratu naiz. Ikastetxeekin eta irakasleekin hartu-emanean egon naiz. Aurten gauza berezi bat gertatu da, Ikasle Goiza abenduaren 7an delako, jai eguna delako. Horregaz arduratuta egon gara, ez genekielako ikastetxeak etorriko ziren. Azkenean, 400 bat ikasle etorriko dira eta tailerrak beterik daude. Zazpi ikastetxetako ikasleak datoz Euskal Herri osotik. Zukan Barrutik taldearen tailerrean, esate baterako, 160 gaztek eman dute izena. Bideojokoek ere harrera ona dute. Azalen lehiaketari dagokionez, sormen maila oso altua da.

Zer da Azoka zuentzat? Durangaldekoak izanda, zein oroitzapen duzue?
J.P.: Azokak negua iradokitzen dit. Kalean hotz eginda, Azokaren berotasunera sartzea datorkit burua. Oroitzapen asko ditut, txikitan erosiriko mahai joko batzuk, esate baterako. Liburuak ere bai. Orain, nagusiagotan, lagunekin joateko eta gauza berriak ezagutzeko esperientzia lez ikusten dut.
I.R.: Azoka urteroko plan bat da niretzat. Txikitatik joan izan naiz. Urtero paseo bat ematen dut eta ezin diot tentazioari eutsi. Gogoan dut gaztetxotan amagaz Ahotseneara joan nintzela Su Ta Gar entzutera. Gero, kalean ikusi genituen eta amak sinadura eskatzera animatu ninduen. Zein urduri ipini nintzen! Sinadura lortzeak ilusio handia egin zidan. Horixe da Azokaren gauzarik politenetariko bat. Sortzaile bategaz hartu-eman zuzena izatea.
O.A.: Urterokoa da, txikitatik ikastetxetik joaten ginen. Kultura, aisia eta euskara datozkit burura. Euskara sustatzeko ere balio du eta hori oso garrantzitsua da.

Zer mezu bidaliko zeniekete Durangaldeko herritarrei?
I.R: Animatu eta etorri Azokara gauza berriak deskubritzera eta kuxkuxeatzera. Kanpokoentzat polita izan daiteke, Durango zein Durangaldea ezagutzeko.
O. A.: Aurten 'fantasia' da leloa, eta horrela da, fantasia bat izango da. Oso ondo antolatuta dago, izkina bakoitzean lan asko dago, stand oso bereziak...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!