Euskal Dendak iaz baino postu gehiago izango du; euretariko sei Durangaldekoak dira eta hiru estreinakoz joango dira

Joseba Derteano 2023ko abe. 1a, 11:00

Euskal Denda indarberrituta bueltatuko da Durangora. Aurtengo 27. edizioan, artisauen kopurua handitu egin dute. 54 postu egongo dira guztira, aurreko edizioetan baino hiru gehiago. 

Urtero legez, Arbaso Elkarteak antolatu du Euskal Denda. Aurten aurreko urteetan baino postu gehiago egotea ez da kasualitatea. "Benetako ahalegina egin dugu eskaintza nahiz parte hartzaile kopurua handitzeko. Parte hartzeko eskaera ugari jasotzen dugu eta badakigu zelako garrantzia duen artisauen eta ikusleen arteko topaketa honek", adierazi dute elkarteko kideek. Postu denei tokia egiteko, Merkatu Plazako espazioa "berrantolatu" egin behar izan dute. 

Euskal Denda abenduaren 6tik 10era egongo da zabalik, honako ordutegian: 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:30era (domekan 20:00ak arte). 

Zenbakiei dagokienez, ohikoa den moduan, Bizkaiko sektoreak izango du ordezkaritzarik handiena, 29 postugaz. Hurrengo Gipuzkoa dator, 14 postugaz. Nafarroatik zazpi etorriko dira, Arabatik hiru, eta Lapurditik bat. Askok lehenengoz zapalduko dute Merkatu Plaza. Parte hartzaile guztietatik hamabost lehenengoz etorriko dira. Horietariko batzuk sortu berriak dira, gainera. Durangaldeak sei postu izango ditu: Eneko bitxiak, Gorakat, Restaurarte, CY Jantziak, Amalur eta Veletta. Azken hirurak nobedadea dira eta estreinakoz egongo dira Euskal Dendan.

Eskualdeko hiru berri
CY Jantziak-ek euskal tradizioagaz loturiko jantziak eta tresnak eramango ditu: kaikuak, festarako baserritar jantziak, doluzkoak edo dantzakoak, eta tradiziozko prakak, alkandorak… Zornotzako Euskal Herria enparantzan dute denda. Durangoko Velatta-ren produktu izarrak toteak eta motxilak dira. Eskari bidez lan egiten du, Interneten (www.veletta.shop) eta sare sozialetan Instagramen (@myveletta). Nodedadeekin amaitzeko, Amalurrek makrame teknikaren bitartez eginiko bitxiak eta mota guztietako arropak eta poltsak eramango ditu. 

Eskualdeko beste hiru artisauak ohikoak dira Euskal Dendan. Eneko Unzaluk berak eginiko mota guztietako bitxiak erakutsiko ditu. Elorrioko Gorakat dendakoen poltsek eta motxilek ere beteko dute beste stand bat. Aurten, seigarren parte hartzea izango dute. Azkenik, Restaurarte zaharberritze tailerrekoak ere hainbat bider egon dira Euskal Dendan, eta 2010ean standik onenaren saria jaso zuten.

Antolatzaileen esanetan, nekazaritzako elikagaien sektoreak leku "garrantzitsua" izango du aurten, hainbat postugaz: Gorrotxategi txokolatea, Garrarte garrapiñatuak, Lorez Lore eztia, Katealde patea eta Ziorregiko gazta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!